Felix Urrutiak ekoiztutako bideo honetan, Bakio eta Bermeo artean dagoen Gaztelugatxeko San Joan baselizaren gainean biltzen diren izarrak ikusi daitezke. Timelapse formatuan dago grabatua bideoa, 800 argazki serie batean oinarritua. Lau egun eman zituen bertan Urrutiak, bideoaren azalpenean jasotzen duenez.
"GAZTELUGATXE" Perseiden gauak / Noches de perseidas. from Felix Urrutia on Vimeo.
2016 eta 2017ko abuztuaren 12 eta 13an jaso zituen irudiak, Perseida gauak deiturikoak ziren lauak.
Gorbeiako Parke Naturalean dagoen Otzarretako pagadia ere aurki daiteke bere bideon artean. Hostoek kolore berdea galdu eta gorriz tindatuak agertzen diren une horretan filmatu zuen pagadia, udazkenaren lekuko den alfonbra-gorri amaigabea ikusi daitekeelarik.
"OTZARRETA FOREST" (Gorbeia) Euskal Herria from Felix Urrutia on Vimeo.
Udazkeneko kolore biziez gainera, zerura begira hazten diren adarrak dira natur ingurune honen beste berezitasuna. Izan ere, zuhaitz horiek ikatza ekoizteko erabili izan ziren mendeetan eta ikazkinen aitzinako tradizio horren lekuko da oraindik adarren norabidea.
Ehun urteko pagoak zeharkatzen dituen kolore bereziko errekatxoak izaera mistikoa ematen dio inguruari. Hau dela eta baso sorginduaren fama irabazi du garai askotan inguruak.
Bideoa ezagun egin zen, Telemadrid kateko kazetaria den Ibon Perezek bere Twitter kontuan partekatu ostean. Perezek, ordea, ez zuen Urrutiaren egiletza aitortu.
Bi bideo hauetaz gainera, Vimeoko bere kanalean bestelako lan batzuk ere aurki daitezke. Hala nola, Gau Zuria Bilbon, Urbasa, Super ilargi urdina, Artzain txakurrak, Itsas ekaitza edo 2017ko Korrikaren ikus-entzunezko lan bat.