Jokin Altuna eta Julen Martijak osatuko dute Binakako Txapelketaren finalerdietako ligaxka Elezkano II-Rezusta, Irribarria-Zabaleta eta Victor-Albisu bikoteekin batera. Artolak eta Mariezkurrenak esku-eskura izan dute sailkapena, baina 22-21 galdu dute Labriten Ezkurdia eta Galartzaren aurka.
Iruñeko partida oraindik jokoan zela amaitu da ordu bertsuan Ataunen jokatu dena, eta bertan Irribarria-Zabaletak 18-22 irabazi diete Victor-Albisuri. Horrek esan nahi zuen Artola eta Mariezkurrena sailkatuta zeudela irabaziz gero.
Baina ez dute lortu. Hasiera kaskarra eman diete partidari, batez ere oso urduri aritu den Iñaki Artolak. Alegiakoak bederatzi pilota galdu ditu eta lehen zatian batere asmatu ezinik ibili da.
Baina bigarren erdian Jon Mariezkurrenak hartu du bikotearen pisua, bai jokoz eta bai etengabe Artolari animoak emanez, eta 18-19 aurreratzea lortu dute.
Gorriek Altuna eta Martija enpresakideei laguntzeko aukera ez zuten alferrik galdu nahi, eta 21-19 aurreratzea lortu dute. Emozioz betetako azken txanpan urdinek 21-21 berdindu dute partida, baina azken tanto gogoangarria Joseba Ezkurdiak egin du pilota bikain irekita.