Kantxan askatu dituzte Altuna III.ak eta Martijak bezperan etxean pilatutako tentsioak eta, finalerdietarako txartela poltsikoan, garaipen batekin amaitu dute ligaxka. Azken partidak galtzeko aukerarik gabe jokatu ditu Aspeko bikoteak eta gaurkoa erabat desberdina izan da, lanak aurretik eginda zituztelako atzoko emaitzen ostean.
Eta kantxan igarri da ez zegoela beste egunetako tentsiorik, aurrean normalean baino joko alaiagoarekin. Hala ere, Bengoetxea-Imaz baino askoz hobeto hasi da Aspeko bikotea, batez ere Jokin Altunak erakutsitako jokoarekin. Amezketakoa txispaz eta pilota oso ondo mugituz aritu da eta alde nabarmen xamarra hartu dute markagailuan (11-5). Partida erabat aldatu da, hala ere, erditik aurrera, txapeldunak kolpe bat hartu du besoan eta ezker sorbaldan ere zerbait nabaritu du, nahiz eta partida amaieran garrantzia kendu dion.
Une horretatik aurrera ezkerra zainduz bezala aritu da Altuna, eta Oinatz Bengoetxea eta Imazek gora egin dute 8-0eko partzial batekin tanto bakarrera gerturatuta (16-15). Hala ere, garaipena Aspekoentzat izan da amaiera paretsu batean.