Maider IANTZI

Ikerbasque zientzia arloko erreferente bihurtu da Europan

Ikerbasquek 2018ko emaitzen balantze ona egin du. Aurreko urteko emaitzak hobetu ditu argitalpen kopuruan, proiektuen lidergoan eta ekarritako diruan. Mundu osoko ikertzaileak erakartzen dituen polo bilakatu da. Ikertzea errentagarria dela erakusten duen froga.

Orotara 239 ikertzaile zituen Ikerbasquek 2018aren amaieran: 153 ibilbide luzekoak eta lidergo gaitasun handikoak, 68 gazteak eta 18 “Research Associate” kategoriakoak. Ikertzaileen %18 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan jaioak dira eta lau ikertzaile nafarrak dira. Denen artean 1.160 artikulu plazaratu zituzten nazioarteko hedabide prestigiodunetan.

Fernando Cossio fundazioko zuzendari zientifikoak atzoko agerraldian nabarmendu zuen ikerketan erreferente bihurtu dela Ikerbasque, bai Estatuan bai Europan. Horren erakusle dira iaz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako unibertsitate eta I+G zentroetan lan egitera etorri ziren 36 herrialdetako ikertzaileak, batez ere Estatu espainiarrekoak (138), italiarrak (22), alemaniarrak (11), errusiarrak (7), britainiarrak (7), kanadarrak (6) eta estatubatuarrak (5). Badira Europa, Amerika eta Asiako beste 29 nazionalitatetako pertsonak ere. Gizonak dira gehienak (%79).

Cossiok arrakastarako gakoak identifikatu ditu: hautaketa eta ebaluazio prozesuetan independentzia, batzorde zientifikoaren kalitate handia, ikertzaileen bikaintasun zientifikoa eta fundazioaren politika zientifikoaren helburuekin lerrokatu izana eta, batez ere, zientzia eta teknologiaren sare oso honi zerbitzua emateko borondatea: unibertsitateak, IKZak, BERC zentroak, aliantza teknologikoak eta ospitaleak barne hartuta.

Fisika, medikuntza eta kimika nagusi

Jakintza arloka, ikertzaileek fisika (%30), medikuntza (%22), kimika (%14), giza eta gizarte zientziak (%12), ingeniaritza (%12) eta biologia (%10) dituzte aztergai. Mundu zentrorik entzutetsuenetatik iritsi dira gurera: MIT, Harvard, Oxford eta Stanfordetik, adibidez.

Egin dituzten lanen artean Luis Lizena azpimarra daiteke, alzheimer eta parkinson gaixotasunak diagnostikatzeko metodo berriei atea ireki diena, edota Maria Jose Sanzena, berotegi efektuko gas isuriez herrialdeek emandako datu ofizialen eta ereduen komunitate globalak kalkulatutako datuen arteko aldeak kuantifikatu dituena.

106 ikertzaile EHUn dabiltza eta gainerako 133ak Deustuko Unibertsitatean, MUn eta ikerketa zentroetan, besteak beste Lakuako Hezkuntza Sailaren BERC zentroetan (BCAM, BCBL, DIPC...) eta IKZ deitutakoetan (biomaGUNE, biogune, Globernance...). Cristina Uriarte Hezkuntza sailburu eta Ikerbasqueko presidenteak baieztatu zuenez, ikerketan egiten duten inbertsioa errentagarria da, bai epe luzera, bai epe laburrera.

Fundazioak emakume eta gizonen berdintasunerako plana garatu zuen iaz, eta epe laburrean egin beharreko ekintzen artean emakume ikertzaileen aitorpena ezarri du. Aurten ikerketa bertan garatzen ari diren hiru emakumeren lana aitortuko dute.