@aimar_etxe
Zumarraga

Zumarragan hasiko da Itzulia, 11,3 kilometrotako erlojupekoarekin

Ohi gisa, menditsua izango da datorren apirilaren 8tik 13ra lehiatuko den Euskal Herriko Itzulia, eta erlojupeko bat izango du. Berritasuna hau lehenengo etapan lehiatuko dela da, Zumarragan. 11,3 kilometrotako luzera izango du, eta tartean Antigua igo beharko dute txirrindulariek (2,3km, %9,7ra).

Horrillo, Serrano eta Eraso, 2019ko Itzuliaren ibilbidearen aurkezpenean. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Horrillo, Serrano eta Eraso, 2019ko Itzuliaren ibilbidearen aurkezpenean. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Zurrumurruak uxatze aldera, eta 2019ko Euskal Herriko Itzuliaren hasiera data gerturatzen ari dela eta, datorren apirilaren 8tik 13ra bitartean lehiatuko den lasterketaren ibilbidea aurkeztu dute ofizialki hedabideen aurrean. Zumarragako udaletxean izan da aurkezpena –bertan hasiko baita Itzulia–, eta bertan izan dira Mikel Serrano alkatea, Pedro Horrillo Itzuliako zuzendari teknikoa eta Julian Eraso lasterketako zuzendari nagusia.

Apenas izan da berritasunik aurkezpenean, izan ere, hainbat hedabidek filtratuak zituzten jada aurtengo nobedade nagusiak. Hala ere, izan dute zer kontaturik lasterketaren antolatzaileek.

Zumarragan ekingo diote txirrindulariek lasterketari. Nobedade gisa, erlojupekoak irekiko du Itzulia, lehenengoz 1977tik. Aldaketa honekin, oilarren arteko diferentziak lehenengo etapatik izatea bilatu nahi dute antolatzaileek. 11,3 kilometro izango dituzte horretarako txirrindulariek, Antiguako igoera tarteko. 2,3 kilometrotako igoera da, 8,2. kilometroan gaindituko dutena. %9,7-ko batez-besteko malda dauka mendateak, %21ekoa azken 100 metrotan.

Ondorengo hiru egunetan «edozer» gerta daiteke antolatzaileen arabera. Zumarragan hasi eta Gorraizen amaituko da bigarren etapa. 3. mailako bi mendate gainditu beharko dituzte txirrindulariek, eta maldan gora amaituko da etapa. Beraz, ez dute pelotoiko azkarrenek helmugara onenen multzoan iristeko aukerarik izango, eta maldan gora potentzia handia duten txirrindularientzat izango da etapa irabazteko aukera. Aipatzekoa guztira 4,8 kilometro sterrato igaroko dituztela txirrindulariek, baina ez dirudi erabakigarriak izango direnik.

Sarrigurenen hasi eta Estibalitzen amaituko da hirugarren etapa, aurtengo edizioko luzeena (184,8 kilometro). Etapa honek ere bi mendate izango ditu (Goñi, 2. mailakoa eta Opakua, 3. mailakoa), baina helmugatik urrun. Malda gora izango da hirugarren etapa amaiera hau ere, baina bezperako gogortasunik gabe.

Gasteiz eta Arrigorriaga lotuko ditu laugarren etapak. Esprintean amaitu daitekeen etapa bakarra da honakoa, baina ez dute esprinterrek erraztasunik izango horretarako. Izan ere, 3. mailako hiru mendate ditu etapak, azkena helmugatik hiru kilometrora. Honen aurretik, gainera, 1. mailako Bikoitz-Gane igo beharko dute; lanak izango dituzte esprinterrek, beraz, helmugara arte onenen multzoan mantentzeko.

Bosgarren etapatik aurrera hasiko da sua. Arrate mitikoan amaituko da Itzuliako azken-aurreko etapa, 4.700 metroko desnibel positiboa izango duena. Arratera (5km %8,8ra) iritsi aurretik, sei mendate igo beharko dituzte txirrindulariek, 1. mailako Izua (3km %12,7ra) horien artean.

Eta edizioko azken etapa Eibarko herriari egindako omenaldi bat izango da. Izan ere, aurtengoa izango da Itzulia Eibarren amaituko den azken aldia. Hori horrela, bertan hasi eta amaituko da seigarren eta azken etapa, motza (122,2 kilometro) baina mugitua espero dena. Sei mendate izango ditu etapak, itzulia Untzaga plazan amaituko bada ere. Azurki (6,4km %6,8ra) eta Karakate (5,2 %8,5era) izango dituzte min egiteko erasora jokatzera behartuta dauden horiek, Asensioko gaina (7,3km %5,1era) izango dutelarik azken aukeratzat helmugatik hamarren bat kilometrora.

Sekulako garrantzia izango dute edizio honetan gainsariek: hamar, sei eta lau segundo banatuko dira helmugan; hiru, bi eta bat esprint berezietan.