NAIZ

Indarkeria matxistaren gorakadari Nazio Doluaren Egunarekin erantzungo dio Portugalek

Biolentzia matxistak erahildako emakumeen kopuruaren gorakadak kezka eragin du Portugalen eta, erantzun gisa, Nazio Doluaren Eguna antolatu du martxoaren 7rako. Elkarte feministek plangintza integrala eskatu dute.

Iñigo URIZ/FOKU
Iñigo URIZ/FOKU

Politikak, prentsak eta justiziak biolentzia matxistaren aurrean duten jarreran zein gizarteak basakeria horren gainean duen ikuskeran eragiteko neurri gisa aurkeztu dute martxoaren 7ko Nazio Doluaren Eguna. Neurriak harridura eragin du gizarte poltugaldarrean, orain artean dolu nazionalak ustekabeko tragediei erantzuteko erabili izan baitira, esaterako 21017an ehun pertsonaren heriotza eragin zuten suteen kasuan edota Mario Soares presidente ohiaren heriotzan. Hala, erahilketa matxisten kasuan ere formula hau erabiltzea onarpentzat hartu da Portugalen.

Aurten, hamaika izan dira biolentzia matxistaren ondorioz bizitza galdu duten emakumeak, 2018. urte osoko erahilketen herena, eta 126 gizonezko atxilotu dituzte genero gehiegikeriarekin lotutako gertaerengatik. Kasu hauek erregistratzen 2005ean hasi zen Portugal eta orotara 500 emakume erahil dituzte ordutik, hamar milioi biztanle dituen herrialdean.

«Larria da, oso larria», onartu dio Efe agentziari Daniel Cotrim, Biktimaren Babeserako Elkarte Poltugaldarreko (APAV, portugaldarrezko sigletan) genero biolentziako ataleko arduradunak. Bere hitzetan, Portugal «azken hogei urteetan aurrerapauso handiak eman dituen herrialdea da», baina oraindik kosta egiten zaio matxismo kasuak gizarte arloan ebaztea, bikote heterosexualen barruko arazo gisa interpretatu ohi baitira oraindik ere.

Ekintza sinbolikoa

Horrez gainera, egoera hauei erantzuteko orduan legeen aplikazioan egin ohi diren «akatsak» eta materian formazioa duten profesional kopuru murritza aipatu ditu. Cotrim-en hitzetan, dolu egun batek ezer gutxi alda dezake. «Egia esan behar badut, ez dakit dolu egun batekin asko aurreratuko dugun. Gertatuko denak badu bere garrantzia, medioak gai honi buruz ariko baitira, diskurtso publikoak egongo dira, eta guzti hori oinarrizkoa da», zehaztu du.

«Gutxienez 24 orduz honen inguruan arituko gara», onartu du, baina garbi utziz matxismoa eguneroko hizketagai dela, «intimitatean bada ere», eta katarsi nazional bilakatzea ekintza guztiz sinbolikoa dela.

Iritzi horrekin bat egiten du Capazes talde feministako bozeramaile Rita Ferro Rodrigues-ek eta gogora ekarri du martxoaren 7ko dolu eguna sustatu duen gertakaria: otsailean aita batek bi urteko alaba eta amagibarreba erahil zituen bere buruaz beste egin aurretik. Bere bikotekide ohiak mehatxuak salatu zituen, baina artxibatuta geratu ziren. «Tragikoa da, baina hau da gertatzen dena: emakume heldu baten heriotzak baino gehiago hunkitzen gaitu haur batenak, jende asko haur honen heriotzaren ostean konturatu da zer ari den gertatzen», ziurtatu du.

Ordutik, biolentzia matxistaren gaineko ez-ohiko bilerak egiten ditu Ministroen Kontseiluak, prentsa idatzian ere eguneroko gaia da eta mehatxuak jasaten dituzten emakumeak babesgabe utzi izanagatik kritika ugari jasotzen ari da justizia.

Aldaketaren garaia

«Aldaketaren garaia da», ebatzi du Cotrim-ek. Bere hitzetan, oinarrizkoa da komunitatea aktibatu eta matxismo kasuei entzungor ez egitea. «Komunitateak biktimak bezala egiten du, aukera bat gehiago ematen dio beti», ohartarazi du. «Gauzak aldatzen ari direla, hori da zabaldu behar dugun mezua», aldarrikatu du.

Gobernuaren aldetik, martxoaren 7an komisio teknikoa batuko da, zeinak hiru hilabeteko epea izango duen biolentzia matxistari aurre egiteko proposamenak aurkezteko. Eta, prentsari dagokionez, Ferro Rodrigues-ek argi du: egun indarrean den «sentsazionalismoa» gainditu behar da: «Egunkarietako titularretan ‘pasio-hilketa’ irakurtzen dugu oraindik, barkamenerako arrazoia balitz bezala», salatu du.