AFP

Udaberri Aljeriarrak demokrazia berpiztea beste helbururik ez du

Aljerian egiten ari diren manifestazio jendetsuek 2011ko matxinada arabiarrak dakartzate gogora, nola ez. Nolanahi ere, aditu askoren ustez, berandu iritsitako «Udaberri Aljeriar» bat baino gehiago berpizte demokratiko bat bizi du herrialdeak.

Aljerian oihartzun azkarra baina eskasa izan zuten 2011ko «udaberri arabiarrek», baina egun hauetakoa ez da herrialdeak bizi izan duen lehen matxinada. «Aljeriak, nolabait, bere udaberria bizi izan zuen duela 15 urte», gogoratu du Hamza Meddeb politologo tunisiarrrak.

Aditua 1988. urteko herri altxamenduari buruz ari da, alderdi-aniztasuna bermatzen zuen Konstituzio berri bat onartzea bultzatu zuena. «1988ko esperientziak, non matxinadak hauteskunde demokratikoak egitera behartu ondoren islamistek irabazi eta estatu- kolpe bat gertatu zen, Egipton 2011-2013an gertatutakoa ekartzen du gogora», jarraitu du Meddeb-ek.

Ondorengo gerra zibilak eta 10 urte luze irain zuten liskarrek, 1992-2002 bitartean, gizartea traumatizatu zuten eta 2011ko udaberriak mundu arabiar osoan izan zuen oihartzun zabala ahulagoa izan zen Aljeriaren kasuan.

Hala ere, azken egunotan «beldurraren harresia pitzatu egin da», Cherif Dris politologo aljeriarraren hitzetan. «Aljeriarrak eremu politikoa eta publikoa aldarrikatzen ari dira», jarraitu du adituak, 2001az geroztik debekatuta egon arren duela bi astetik hona egunero manifestatzen ari direlako.

Kontu handia

Manifestazioak oso jendetsuak dira eta Abdelaziz Buteflika presidentea eta bere ingurua dute jomugan. Buteflikak kargua hartu zuenetik, duela 20 urtetik hona, ez da halako protesta erraldoirik izan.

«Guk uste genuen, Egipton eta Tunisian bezala, agintzen dutenak beren ‘buruzagia’ sakrifikatzeko prest egongo zirela nazioa babesteko, usteltzen eta suntsitzen ez uzteko», idatzi zuen astelehenean Ghania Mouffok kazetari aljeriarrak.

Duela zortzi urte izan ziren herri matxinadek astinduezinak ziruditen hainbat erregimen eta diktadura hankaz gora bota zituzten, baina egun Tunisia da esperientzia demokratikoari eutsi dion bakarra. Gainerakoetan, kaosa nagusi da nagusi edota erregimen zaharrak boterera itzuli dira.

Aljeriarrak horren jakitun dira erabat. «Aljeria ez da Siria!», oihukatzen dute manifestariek, agintariek Siriak pairatu duen gerra zibilaren mamua baitarabilte ahotan. «Silmiyya, silmiyya! (Baketsua, baketsua!)«, leloa behin eta berriz aldarrikatuz.

«Manifestazioetan gutxi entzuten da ‘iraultza’ hitza eta berotasun falta hori oso esanguratsua da», dio Malika Rahal idazleak bere blogean.

Aldaketarako indarra

Meddebekin jarraituz, Aljerian gertatzen ari dena badago alderatzea Libian, Sirian, Yemenen edota Egipton gertatu zenarekin; batez ere, «herriak aldaketarako indarra izan dezakeela deskubritu duelako, orain arte autoritarismoaren mende etsita egon ostean».

Drisek, ordea, ezberdintasunak aipatzen ditu. Esaterako, bere ustez, Aljeriako boterea ez da beste arabiar autokratek dutena bezain despotikoa: «Autoritarismo hibridoa da, nolabait, oposizioa baztertzen duena baina ito gabe eta sistematikoki erreprimitu gabe».

Horiek hala, manifestazioek «hondoko itsasoa» dagoela erakusten dute, eta oraindik bere bidea aurkitu behar du, indarkeriarekiko beldurraren eta aldaketarako nahien artean. Hala ere, Segurtasun Indarrek manifestazioei dagokienez duten jokaera epelak «boterean pitzadurak daudela» adierazten du, Meddeben ustez.

Azkenik, «2011ko matxinadek izan dute ondorioa Aljeriako mugimenduan», Isabelle Werenfels ikertzaile alemanaren iritziz. «Alde batetik, positiboa, orain arte behintzat ez delako kanpoko injerentziarik izan. Potentziek 2011n gertatutakoaren inguruko irakasgaia kontuan dute, eta, gainera, Aljeria herrialde itxia da oso. Bestetik –jarraitzen du Werenfelsek–, eragin negatiboa ere izan du, kanpotik begiratzen dutenek manifestazioen aukerak baino arriskuak ikusten dituztelako».

Dena den, ez dago matxinada noraino iritsiko den aurreikusterik. Michael Ayari International Crisis Group-eko ikertzailearen ustez, manifestariak kalera aterarazten dituzten arrazoiak askotarikoak dira... 1988-89ko matxinadaren oroitzapena, askatasun egarria, sistema osoa kolokan jartzeko batzuen nahia eta besteen beldurra. «Mobilizazioa indartzen edo ahultzen den ikusi beharko dugu, batez ere gizartearen sektore ekonomikoetan. Eta aldarrikatzen duten haustura noraino eraman nahi den garrantzitsua izango da biolentzia ekiditeko».