«Azken aste honetan ikusi dugu Arabako jendartea kalera atera dela berriz ere sakoneko aldaketak eskatzera. Siglen eta koloreen gainetik, martxoaren 3an justizia aldarrikatu zuten eta atzo bertan, berdintasuna bermatzeko eta sistema patriakala eta indarkeria matxista errotik kentzeko exijitzera milaka eta milaka emakume atera ziren kalera», gogoratu du ekitaldian Arabako Ahaldun Nagusia izateko hautagaiak.
«Baina ez dira bakarrak izan eta ez dira izango. Hor ditugu pentsiodunak edo berehala hasiko den Korrika. Arabako gizartea bizirik dago, aktiboa da eta genero harremanetan, zaintzetan, aberastasunaren banaketan eta gure lurraldearen defentsan aldaketa sakonak aldarrikatzen ditu. Heldu da unea aldaketaren olatu horrek herrialdeko instituzioak bustitzekoa, bada garaia instituzioek herritarren eskaerei erantzuteko beharrezkoak diren transformazio horiek gauzatzekoa», gaineratu du.
Fernandez de Pinedorekin batera, Itziar Amestoy kazetari gasteiztarrak okupatzen du zerrendako bigarren postua eta Iñaki Ullibarri euskal filologoak, hirugarrena. Zerrenda osatzera datoz Claudia Venceslao, Antxon Belakortu, June Mugica, Manu Rezola, Xabier Valdor, Nerea Martinez Aranburuzabala, Ainhize Solauz, Nerea Martinez Cerrillo, Beñat Mendiguren (azken hiruok Aiaraldeatik), Eva Lopez de Arroyabe, Javier Agote eta Gabi Frias (azken hiruok Lur Jareetatik).