Ramon Sola

Bihar GARAn, Bel Pozueta eta Mertxe Aizpurua EH Bilduko hautagaiekin solasaldia

Aste honetako izen-abizen nagusietakoak izan dira Bel Pozueta eta Mertxe Aizpurua; Altsasuko ama eta kazetaria Kongresurako EH Bilduko zerrendaburu dira, Nafarroan eta Gipuzkoan. Batera elkarrizketatu ditu GARAk; biharko alean argitaratuko du.

«‘Ze ausartak’ esaten digute, baina Madrilen egin nahi duguna egiteko indar nahikoa dago», nabarmentzen du Aizpuruak GARAk eginiko elkarrizketa honetan. Hitz hori bera maiz entzun du Pozuetak azken egunotan, baina altsasuarra ere ez da kokiltzen diren horietarikoa: «Gu gurera», erantzuten du.

Erronka honek maila pertsonal zein politikoan suposatzen duenaz mintzo dira Aizpurua eta Pozueta, pasarte batzuetan elkarrizketa eta beste batzuetan bien arteko solasaldi bilakatzen den artikuluan. Ez zuten pertsonalki elkar ezagutzen eta hau izan da, beraz, beren arteko lehenengo hitzordua, baina apirilaren 28an EH Bilduk espero dituen emaitzak lortu ezkero Madrilen elkarrekin bidea egin dezakete. Kataluniako lagunekin batera, aldagai hau bien gogoan oso nabarmena baita.