Jon ORMAZABAL

Pluraltasunaren arrakasta

Emakume Master Cup-aren antolatzaile Iker Amarikarentzat, «inor ez baztertzea» da hazkundearen gakoa.

Inor gutxik usteko zuen, ezta antolatzaileek beraiek ere GARAri aitortu diotenez, orain bost urte, emakumeen esku pilota garatzeko proiektuarekin hasi zirenean, Laboral Kutxa Emakume Master Cup bezalako lehiaketa batek 110 emakume jarriko zituenik eskuz pilotan lehiatzen. Antolatzaileen, pilotarien, babesleen, komunikabideen... babesa ezinbestekoa izan da garapen izugarri honetan, baina proiektuaren arduradun Iker Amarikaren iritziz, pluraltasuna da arrakasta onen errezetaren beharrezko osagaia.

«Nire ustez, arrakasta badago, parte hartzean inor ez baztertzeagatik dela uste dut. Guretzat oso garrantzitsua da edozein adin, edozein maila, ama, izeba edo amona izatea. Denek dute lekua eta horiek dira erreferente onenak eskola-kirolean pilotan hasi nahi duten neskatilentzat, ilobentzat, seme-alabentzat. Eta honek txapelketa oso aberasten du, giro bikaina sortuz eta horien kanporaketen jarraipen zorrotz bat eginez. Ez da inor baztertzen, denentzako aukerak daude eta maila guztiak uztartzen ditugu. Batez ere, sustapen lan bat egiten dugulako eta emakume pilotaria ikusarazi nahi dugulako», azaldu du larrabetzuarrak.

Bizkaian hasi zen ekimenak azkar eman zuen jauzia beste lurraldeetara eta bere hirugarren edizioan 110 emakume aritu dira erreferentzial bilakatu den Emakume Master Cup txapelketan. «Ez dakigu goia jo dugun, baina aurtengo txapelketan 110 pilotarik parte hartu dute eta argi dago esku pilotako emakumeei aukerak emanez gero, erantzun egiten dutela. Poztekoa da eta guri ere gogoa berritzen digute aurrera jarraitzeko esku pilotako emakumeen txapelketak antolatzen. Ziur nago pilota elkarteetan ere emakumeekin lana egiten bada goraka egingo duela izen emateak. Baina aukerak eman egin behar dira», gaineratu du pilotari profesional izandako Amarikak.

Kualitatiboki ere, gora

Baina kuantitatiboki ez ezik, kulaitatiboki emandako jauzia ere izugarria izan da. «Asko igo da maila, bai, baina kopurutik maila lortzen da. Lehenengo urtean lehen mailan hiruko kanporaketa eran jokatzen genuen eta aurten kanporaketak hil ala biziko partidak izan dira. Eta, hala ere, partida onak irten dira. Finalerdietan ere ikusi genuen pilotarien mailan oreka bat dagoela eta asko jokatu beharra dagoela partidak aurrera ateratzeko. Promozio mailan ere ezusteko asko egon dira eta pilotari berri asko dira maila onarekin agertu direnak, Ainhoa Lakuntza adibidez».

Arrakastaz hiltzeko arriskuari ihes egiteko erronka berriak ditu txapelketak. «Nahi genuke nazioartean txapelketa bat antolatu, neska gazte gehiago lortzea izen ematean eta izen emateak gora egitea. Baina horretarako lanean jarraitu beharra dugu. Pauso txikiak eman dira eta pauso txikiak ematen jarraitu beharra dugu, ibilbide sendo bat egiteko. Bidea egiten hasi baino ez gara egin».

Kirol guztiek dute, gaur egun, telebistaren beharra hazten jarraitzeko eta alor horretan ere ETBren babesa ziurtatu du hurrengo hiru urteetarako, emakumeen esku pilotak ere ikus-entzuleen arreta bereganatu duen seinale.

 

Koltxoirik gabe ariko dira Labriten

Gizonezkoen binakako txapelketan ere jardunaldi garrantzitsua izango da asteburu honetakoa, finalean egongo den bikote baten izena ere erabakita gera bailiteke, Iruñean eta Bilbon jokatuko diren partiden emaitzen arabera.

Gaur arratsaldean, Labriten, finalerdietako ligaxkako lehen jardunaldian galtzaile irten ziren bikoteen arteko lehia izango da; hau da, Altuna III.a-Martija eta Victor-Albisuren artean 22ra iristen ez den bikoteak agur esango die finalean egoteko dituzten ia aukera guztiei. Baikokoek argi dute atzean nagusitu beharko dutela lehia aurrera atera nahi badute, azkenaldian Jokin Altunak nabarmen egin baitu gora. Aspekoak ohituago daude koltxoirik gabe aritzen eta hori mesede izan daiteke.

Jaialdi berean erabakiko da, halaber, Promozioko finalean Elordi-Oier Etxebarriaren aurka ariko den bikotearen izena. Agirre-Salaverri eta Peio Etxeberria-Garmendiaren artean dago kontua.J.O.