NAIZ+

Durangoko estazioko plana erabaki nahiak kalera aterako ditu herritarrak

Durangoko estazioko planari buruz galdeketa eskatzeko mobilizazioa izango da bihar. Bien bitartean, herriko aurpegi ezagunen sosteguna jaso du Erabaki plataformak.

durango
durango

Durangoko aurpegi ezagunek babesten dute erabakitze eskubidearen alde bihar herriko kaleak zeharkatuko dituen manifestaldia. Sareetan zabaldutako bideoan, Igor Elorza eta Unai Iturriaga bertsolariak edota Eneko Sagardoy aktorea ikusi daitezke beste hamarnaka herritarrekin batera Erabaki plataformari sostengua emanez.

Iaz sortu zen plataforma hau eta ordutik Durangoko estazioko planari buruz galdeketa eskatzen ibili da. Galdeketa bera gauzatu ahal izateko durangarren 3.000 sinadura inguru batu ditu eta kontsulta egiteko bidean, Udalak tramitera onartzea lortu du. Galdeketa gauzatzeko Udalak batzorde berezi bat martxan ipini duen arren, ezer gutxi aurreratu dela iritzita dator manifestaziorako deia.

«Hilabeteak pasa arren ez dugu ikusten galdeketak aurrera egiten duenik. Oztopoek, aldiz, bai. Legean edozein zirrikitu erabiltzen ari dira prozesua geldiarazteko orduan», salatu zuen mobilizazioa aurkezteko prentsaurrekoan. Udalarentzat parte-hartzea «hitz hutsa besterik ez dela» salatu dute agerraldian. «Nahiz eta herritarrek parte-hartzea eskatu duten, iluntasuna, erdi-egiak, amarru legalak eta 20 minutuko batzordeak besterik ez dizkigu ekarri herrian inoiz izan den obrarik handienak», kritikatu dute.

Horiek horrela, kalera irteteko beharra ikusi du Erabaki plataformak eta manifestazioak atxikimendu ugari bildu ditu. Galdeketa aldarrikatuz egingo den lehen mobilizazio handia izango da biharkoa. 19.00etan hasiko da Andra Mariatik.