Hitzordu garrantzitsua du Euskal Herriko jendarteak gaur Garesen; izan ere, 21. Korrika bertatik abiatuko da arratsaldeko bostetan. Goizean goizetik giro ezin hobea izanen da Nafarroako herrian, hainbat ekintza antolatuta baitaude.
Egun osoko jaia prestatu dute Izarbeibarreko herritarrek. Dianekin esnatuko da Gares, eta goizean hainbat gozagarri izanen da eguna alaitzeko herri bazkariaren aitzinetik. Plazan izanen da hasiera ekitaldia, 16.30etik aurrera, Anabel Arraiza aktore eta kazetariak gidatuta eta Demode Quartet taldearen parte-hartzearekin.
Mezu sekretua lekuko barruan sartuta, lehen kilometroa Izarbeibar eta Mañeru ibarretako herri bakoitzeko lagun banak eginen du: 16 herri dira guztira, 16 lagun. Aurkezpenean azaldu dutenez, «AEKren ekimena zirraragarria da eta, horrez gain, bere atzean euskararen eta euskaldunen, euskaltzale guztien eguneroko bizitza eta euskaraz bizitzeko nahia dago. Ideia horrekin, eta 16 lagun horien bidez, lehen kilometro horrek islatuko du alde batetik euskaraz bizitzeko kemena eta bestetik Izarbeibarren euskarak tinko aurrera egiteko Korrikak hauspo izan nahi duela».
Gares, 16 herrietako bat
Gares izanen da protagonista nagusia, bertako herritarrek eta Udalak egindako lanari esker. Hilabeteetako lana izan da, auzolan erraldoia. Elkarlan handia burututa, Nafarroako herria prest dago 21. Korrikaren hasierara etorriko den herritar andanari behar bezalako harrera egiteko. Ohore handitzat jo dute bertakoek, Euskal Herriko 16 herrik baino ez dutelako Korrikaren hasiera ezagutu. Garesko Udalak eta AEK-k elkarlan-hitzarmena sinatu dute, eta, bertako alkate Oihan Mendok deialdi berezia egin du denok bertan elkartzeko.
Joan ezin denak hasierako momentu guztien berri izan ahalko du zuzenean telebistaz nahiz irratiz, euskarazko hainbat hedabidek egindako saio bateratuei esker; horien artean da lehen pausoak Korrikarekin batera emanen dituen NAIZ irrati sortu berria.
Bigarren kilometroa Garesko Udalak beteko du; hirugarrena, guraso elkarteak; eta laugarrena, eremu mistora pasatu diren alkateek. Garesko ezker abertzalea, gazte asanblada, Artazu, Izarbeibarko Mankomunitatea, Garesko eskolako irakasleak eta EMUN izanen dira hurrenak. Eta hala kilometroz kilometro, apirilaren 14an Gasteizera ailegatu arte.
Lasterketa erraldoiaz gain, munduan zehar Korrika gehiago eginen dira. Izan ere, planeta osoan badaude euskararen alde “klika” egin duten euskaltzaleak, eta ia kontinente guztietan gauzatuko dira edizio honekin lotutako ekimenak. Informazio guztia, Korrika.eus-en.