Jon ORMAZABAL

Zabaleta: «Orain gose handiagoa daukat partidak eta txapelak irabazteko»

Etxarrengo atzelariak zenbait aldaketa egin ditu bere egunerokoan; entrenamenduetan zenbait moldaketasartu ditu eta ikasten ere hasi da, eta bere ibilbideko unerik gozoena ari da bizitzen, lesioak ahaztuta.

28 urterekin, bera izango da finaleko pilotaririk beteranoena eta nortasun agiriak esan dezakeenetik harago, kantxan ere inoiz ez bezalako heldutasuna erakusten ari da Etxarrengo atzelaria. 2015ean orkatilan lehenengo eta eskuan geroago izandako arazoen ostean, gora egin du nafarraren jokoak eta aldeak markatzen ari da jokatzen duen partida bakoitzeko. Zein da baina, berezkoa duen elegantzia eta joari gehitu zaion errezetaren osagai magikoa? Zabaletak oso argi dauka. «Nik uste gosea dela, orain gose handiagoa daukat partidak eta txapelak irabazteko», azaldu dio GARAri egungo Binakakoaren atzelari txapeldunak.

Kanpotik ikusita beti izan da atzelari gustagarria nafarra, altura handiegirik bilatu gabe, bere pilotakadek abiadura berezi bat izan dute beti, baina azkenaldian inoiz ez bezala ikusten dugu kantxetan, apenas partida txarrik jokatu gabe. «Azkenaldian pilotan jokatzen asko gozatzen ari naiz, gero eta gehiago, azken urteetan oso gustura nabil. Fisiko aldetik ere ongi aurkitzen naiz, eskuetatik normalean ez dut sufritzen eta, egia esan, horrek asko laguntzen du».

Baina nekez konformatzen da egindakoarekin, perfekzioa bilatu zale da eta gutxitan amaitzen du gustura egindakoarekin. Iker Irribarria bere aurtengo bikoteak sekretu txiki bat ere kontatu zigun Etxarrengoaren eskakizun mailaren inguruan. «Partida asko jokatu eta esan izan dit: ‘zuk uste hainbeste jokatu dudala?’, ‘Bai, Jose, bai, horixe jokatu duzula’. Zorrotza da oso, zorrotzegia ere bai agian, askotan sentsazio txarrekin geratzen delako eta ni saiatzen naiz partida ona jokatu duela esaten, baina puntu bat ere behar da. Azkenean horrek eramaten zaitu hobetzera», azaldu zigun aurrelari goierritarrak.

Bi jotzaile handi izanda, aurretik ez dute partida askorik jokatu elkarrekin, lehen aldia dute aurtengoa bikote bezala txapelketan eta, hasierako zalantzak uxatuta, oso maila ona erakutsi dute finalerdietako ligaxkan, jokatutako hiru partidak erraz antzean irabazita. «Lehen hiru partidetan pixka bat kostatu zitzaigun txapelketaren erritmoa hartzea. Partidetan, bietakoren batek burua jaisten zuenean, besteak ere hala egiten zuen, eta laugarren partidara arte, kostatu egin zitzaigun gora egitea. Nik uste hortik aurrera biek maila ona eman dugula eta, batez ere azken partidetan, Iker oso ondo ikusi dudala».

Izaera desberdinetako pilotariak izaki –Zabaleta askoz lasaiagoa da bai kantxan eta bai handik kanpo–, elkar oso ondo ulertzera heldu dira eta hori garrantzitsua da oso halako txapelketa luze batean. «Azken partidetan Iker super ongi ikusi dut, maila izugarrian eta atzetik bera ikusten disfrutatu egin dut kantxan, batez ere Bilbon Elezkano eta Rezustaren kontra duela bi asteko partidan. Nik uste txapelketa osoko partidarik onena egin zuela», aitortu zigun Jose Javier Zabaletak.

Berez, atzelari jotzaileak aurrean artista bat behar du aurrean berak irekitako zuloei etekina aterako diena, baina koadroko hiru aurrelaririk jotzaileenekin heldu da finaletara, Irujo, Ezkurdia eta Zabaleta. «Hala izan da, baina duela hiru txapelketa Elezkanorekin aritu ginen eta nik uste maila ona eman genuela biek, ia-ia finalera heldu ginen. Azken egunean ez genuen zorte handirik izan, Danelek ere eskuan arazo bat izan zuen, nik ez nuen nire mailarik onena eman eta gutxigatik ez ginen finalean sartu».

Atzeko lehia

Ondo ezagutzen du Zaratamoko aurrelaria eta konfiantzan hazita ikusten du finalean bigarren urtez jarraian aurkaria izango duen aurrelaria. «Hor aurrean pilota izaten badu, inork baino hobeto errematatzen du eta Danel beti da oso arriskutsua».

Bere lehia partikularra, ordea, Beñat Rezustarekin izango du. Askoren iritziz gaur egungo bi atzelaririk onenen arteko lehian egongo da igandeko txapelek hartuko duten norabidearen giltza. «Beñatek erakutsi du azken urte hauetan sekulako maila duela. Beti finaletan egon da eta urte osoan zehar, udan ere bai, maila oso ona ematen, eta pilotari oso arriskutsua da. Badakigu apirilaren 7an bere maila emango duela, bueno biek emango dute beren maila, eta partida gogorra izango dugu, badakigu aurkari oso gogorra dela», errepikatu zuen.

Gaur egun duen aurkaririk zailena ote den galdetuta, ez du ukatzen, baina txapelketan aritu den beste pilotari baten izena aipatu digu, Rezustaren kasuan bezala, pilota abiadura berezi batean irteten zaiolako eskutik; Ladis Galarza. «Aspera etorri zenetik nik uste goraka egin duela, nik uste Etxanizekin eta frontoian egin dituen entrenamenduek konfiantza eman diotela, baita Ezkurdiarekin jokatzeak ere. Maila oso ona eman du eta badakigu pilotari beti oso indartsu ematen diola», azaldu zigun Zabaletak, Baraibarkoa urte batzuetarako konpetentzia zuzena izango dela baieztatuz.

Baina horiek aurreragoko kontuak dira, oraintxe igandeko finalean du burua. Partida mota hauek irabaztekoak direla esaten da eta, momentuz, halaxe egin du Etxarrengoak. Aurtengoa hirugarren finala izango du eta aurreko bietan txapela janztea lortu zuen, nahiz eta lehenengoa, Irujorekin 2013an Berasaluze eta Albisuri irabazitakoa, ez zen nahi bezala amaitu, aurrelari bizkaitarraren lesio larriaren erruz. Horretarako badu oso gutxik lortzen duten abantaila bat. «Egia esan finaletan ez naiz bereziki urduri jartzen. Orain arte nire maila eman izan dut eta espero honetan ere hala izatea. Ez dut presioa nabaritzen, badakit oso egun garrantzitsua dela eta halako aukerak gutxitan izaten direla, baina nik uste halako egunetan ongi jokatzen dudala. Eta Ikerrek, aurten dudan bikoteak ere, nik uste halako zita garrantzitsuetan ere maila ematen duela».

Iaz uste baino errazago irabazi zuten finala, hein handi batean, «Elezkanok eta Rezustak txapelketako partidarik txarrena finalean egin zutelako», baina aurten ez du uste halakorik errepikatuko denik. «Lehen tantotik sartuta egon behar dugu partidan. Gure maila ematen badugu aukerak izango ditugu, baina argi daukat oso ondo jokatzen ez badugu ez dugula partida irabaziko».

Printzipioz, txapelketako unerik gozoenean heltzen dira eta gainera «ikusi da azken bi urte hauetan nirekin jokatu duten pilotariek, batez ere azken partidetan, gora egin dutela. Ezkurdiak iaz azken partidak izugarrizkoak egin zituen eta gero urte guztia oso ona egin du. Aurten Irribarria ere berdin dabil, ea finalean berdin egiten duen eta hortik aurrera ere partida onak egiten jarraitzen duen», esan zuen edozein aurrelarik nahiko lukeen atzelariak.

Entrenamenduen garrantzia

Urteekin garatu duen pilota gosea aipatu dugu hizketaldi honen hasieran Zabaletak gaur egun duen joko mailaren giltzarrietako bat bezala, baina gaur egungo bolada on honek badu beste oinarrizko zutabe bat. «Entrenamenduak ere aldatu ditugu, batez ere fisiko aldetik. Orain hartu dugu errutina bat egunero entrenatzeko, bai Iñaki Barbajerorekin, eta posible dudanean Justo Lillorekin ere bai, eta gero Etxanizekin, beti bezala, frontoian ahalik eta hobekien entrenatzen saiatzen naiz».

Ohikoa da, batez ere Aspeko pilotarien artean, enpresak jarritako prestatzaileaz gain, euren kasa prestatzaile propio batekin aritzea. Orkatilako minarekin zela, errekuperazio lanetan hasi zen Iñaki Barbajerorekin eta ordutik oso gustura aritzen da haren aginduetara. «Berarekin asko hitz egiten dut eta hobetzen saiatzen gara eta berak Ororbian duen taldean oso gustura sentitzen naiz».

Bera da talde horretan enpresako pilotari bakarra, kide gehienak Nafarroako pilotari afizionatuak ditu: «Oso giro ona daukagu taldean, egunero joaten gara eta ez dugu inolaz ere aste bat joan gabe uzten, entrenatzen garen bitartean oso gustura aritzen gara».

«Pilotariek, fisikoa edo frontoia, egunero egiten dugu zerbait. Baina egia da lehen igual egun gehiago ziren ezer egin gabe, atseden egun gehiago hartzen nituela, baina orain ere atsedena garrantzitsua da, baina egunero egiten dut entrenamenduren bat edo gorputza askatzeko zerbait», azaldu zigun.

Baina burua askatzea ere garrantzitsua izaten da eta alde honetatik ere izan du aldaketarik Jose Javier Zabaletaren bizitzak, iaztik ikasteari ere ekin diolako berriro. Haur Hezkuntzako goi mailako ziklo bat hasi zuen iaz eta orain liburu artean ematen ditu goizak. Normala den bezala, azken urteetan ikasteko ohitura galduta, ez zaio batere erraza egin berriro ere lan horietan jartzea, are gutxiago txapelketako unerik erabakigarrienetan, baina azterketak maiatzaren bukaeran izango dituenez, espero du igande honetatik aurrera denbora gehiago eskaini ahal izatea. Goizez joaten da akademiara eta arratsaldeak erabiltzen ditu, normalean gorputza lantzeko.

Baina benetan askatzeko balio diona, txirrindua hartu eta mendian barrena aritzea omen da. Etxarren inguruan leku zoragarriak ditu horretarako eta Urbasa aldean ibili zale da, errepideko bizikletarekin kilometroak pilatzen aritzea ez omen delako egokiegia.

Honakoa bezalako elkarrizketekin bizikletarako aproposa zen goiz bat lapurtu genion, baina Zabaletaren aurpegiak ez zuen irribarrerik galdu.