@ibaiazparren

Apirila uztaila bihurtu da Iruñean Korrikaren eskutik

Elurpean ekin dio 21. Korrikak hirugarren egunari baina eguzkia atera da Iruñerrian sartu ahala. 'Klika' egiteko deia Olatzetik Alde Zaharrera hedatu da milaka lagunen babespean. Zazpi orduz Iruñerriko kaleak igaroko duen euskararen aldeko lasterketak Udaletxe Plazan bizi izan du une gorena, non jendentzak txupinazo giroa gogora ekarri duen.

Blai-blai bukatzearen beldurra lehenengo eguzki izpiek baztertu dute Korrika Iruñeko auzoetan sartzen ari zenean. Eguerdiko euria desagertuta eta zeru oskarbia antzematen zenean, Korrikaren furgoneta Planetariotik pasa da ehundaka pertsona atzean zituela.

Bertan, LAB Nafarroako bozeramailea den Imanol Karrerak lekukoa hartu du, gehiengo sindikalaren izenean. Atzo Huerta de Peraltatik gertu izan zuen kilometroa LABek, horrek suposatzen duenarekin. Hala ere, Iruñea ere berezia da Karrerarentzat. Bozeramaileak, lekukoa hartzeko korrika egiten hasi den bitartean, «langileok ere euskararen alde» daudela eta euskara lanean ere bultzatu behar dela adierazi dio NAIZ Irratiari.

Bitartean, Iruñeko Alde Zaharrean gaur bezalako egunean aspertzea zaila dela agerian utzi dute milaka pertsonek, hainbat ekimen antolatu baituzte: hamaiketakoak, bazkari herrikoiak, dantaldeak eta, noski, poteoa. Izan ere, 17.00etan iritsi behar zen Korrika lehenago iritsi da eta, sinkronizatutako ekintza izango balitz bezala, edaria barran utzi eta korrika egiten hasi dira furgoneta harrapatu nahian. Gure erritmora.

 «Hainbat tokitan harrapatu nahi dugu eta estrategi ari planifikatzen ari gara», azaldu du Amaiak. AEKko langilea bizkaitarra da eta «plan bikaina» iruditu zaio larunbatean Iruñeara etortzea, nahiz eta kaleekin «pixkat» galduta egon. Izan ere, hainbat buelta eman ditu Korrikak Alde Zaharretik.

Zapateria eta Txapitela kaleak zeharkatuta, Gaztelu Plazara iritsi da Korrika, ondoren Nafarroako Artxibo Nagusitik Iruñeko Udaletxeraino iritsi arte. Iruñean ere euskaraz bizi nahi dutela argi utzi dute hiritarrek, Udalean pilatuta zeudenek behintzat. Uztailak 6 izango balitz bezala, Udaletxeko Plaza bete egin da urrunean bozgorailuaren soinua gero eta gertuago entzuten zen bitartean: «Ttipi, ttapa, badator Korrika».

Gainera, gaztetxe baten aldeko aldarriak zein Altsuko gazteen askatasuna eskatzen zituzten aldarriak entzun dira, bereziki Bel Pozueta eta Antxon Ramirez del Alda petoarekin korrika egiteko prest ikusi dituztenean.

Korrikarako prest ere zegoen Joseba Asiron, Iruñeko Udalak hartutako kilometroan lekukoa hartu behar zuelako, 20. Korrikan egin zuen moduan. Zinegotziekin batera, Asironek lehenengo Korrika 80. hamarkadan bizi izan zuela adierazi du: «Ez dakit zenbat urte geroago hemen, Udaletxe Plazan, lekukoa hartzea oso polita da».

Bestalde, aurtengo Korrika «oso jendentsua» izan dela azaldu du eta euskararen alde Udalak eman dituen pausoak galdetuta, «elebitasuna Udaleko ekitaldi guztietan» sartu eta «euskararen ordenantza berriaa bultzatu» dutela nabarmendu du, «legealdi hau euskararen normalizaziorako pausu garrantzitsua» izan dela gaineratuz.

Udalaz gain, Euskarabideak Gobernuaren izenean eraman du lekukoa Ensanche kalean, Nafarroako Unibertsitate Publikoak Arrosadian eraman duen heinean. Nafarroako Parlamentuko kideak, aldiz, Roncesvalles etorbidean azaldu dira.

Peñek era ordezkaritza izan dute Korrikan; Bullicio, Aldapa, Anaitasuna, Donibane edo Los de Bronceko kideak ere korrika egin dute. Gure Esku Dagok eta Volkswageneko kideek kilometro bat hartu dute ere Errotxapea eta Mendebaldean.

Alde Zaharra atzean utzi eta Errotxapea, Antsoain, Txantrea, Burlata eta Atarrabiarantz abiatu da Korrika. Iruñerriko azken geltokia Uharte izan da, Nafarroako erdialdeko eskualdean zazpi ordu igaro eta gero.