naiz
Iruñea

Errefuxiatuen aldeko elkartasun «Koxk» bat antolatuko du Zaporeakek maiatzaren 12an

Lesbos irlan, egunean 1.300 afari banatzen dizkie Zaporeak elkarteak emakume eta umeei. Horri aurre egiteko dohaintzak, janari bilketak eta bestelako ospakizunak egiten dira, hala nola, «Koxk!» pintxo solidarioaren festa, Iruñeko San Frantzisko plazan maiatzaren 12an egingo dena.

Iaz ere elkartasun ‘Koxk!’ bat antolatu zuen Zaporeak elkarteak Iruñean. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
Iaz ere elkartasun ‘Koxk!’ bat antolatu zuen Zaporeak elkarteak Iruñean. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Ia urtebete Atenasko sukaldea bertan behera geratu eta gero, eta zailtasun askoren ondoren, Zaporeak elkartea Lesbos irlan ari da errefuxiatuen alde lanean. Bertan, egunean 1.300 afari banatzen zaizkie emakume eta umeei, Moriako eremuan dagoen populazioren sektorerik ahulenari. «Leku horretan, 2.000 pertsonarentzat egokituta egonik 10.000 baino gehiago pilatzen dira baldintza negargarrietan», jakinarazi du elkarteak ohar baten bitartez. 

Elkartearen lehen proiektua Chios irlan izan zen, 2016an, non urte batez egunean 1.500 otordu eman ziren. Administrazio arazoengatik hau itxitakoan, Atenasen jarraitu zen otorduak ematen, 2018ko maiatzera arte. Eta orain Lesbosen ari dira.

«Egunero, urte batez baino gehiago hainbeste jenderi janaria emateak kostu ekonomiko oso handia du», azpimarratu dute. Horri aurre egiteko dohaintzak, janari bilketak eta bestelako ospakizunak egiten dira. Bide horretan, maiatzaren 12an, Iruñeko San Frantzisko plazan, elkartasun «Koxk!» bat antolatuko dute. Iaz ere egin zuten eta iruindar ugari gerturatu zen nafar hiriburuko 40 taberna eta enpresa ezberdinek prestatutako 5.000 pintxo baino gehiago dastatzera.