Maite UBIRIA

Mila bat lagun Donibane Garaziko karriken gaindi

Aberri Eguna kari mila bat lagun Donibane Garaziko karriken gaindi ibili dira. Egun osoko animazioak abiatu dira gero Merkatu Estalian. «Hemen eraiki, hemen erabaki" egikaritzeko engaiamendua berretsi dute frantses gobernuaren mespretxuaren aurrean.

Donibane Garaziko manifestazioan mila lagun inguruk parte hartu dute. [Maite UBIRIA]
Donibane Garaziko manifestazioan mila lagun inguruk parte hartu dute. [Maite UBIRIA]

Goizak aurrera egin ahala giroa berotzen joan da Donibane Garaziko merkatu estalian.  Jendea gustura aritu da kalakan manifestazioa noiz abiatuko zain egon bitartean. Ikurrina handi bat zabaldu, eta gazte eta helduen artean eraman dute kalez kale.

Eguerdian atera dira manifestariak eta Zitadella karrikan barna aitzinera egin dute. Ibilbidea amaitutakoan, Anita Lopepe EH Baiko bozeramaleak bere hitzartzeari ekin dio, Iruñean bildutako milaka eta milaka lagunei besarkada beroa helaraziz.

«Aberri Eguna hemen lan eta bizi dugun herritarren eguna da», erran du. Eta «hemen eraiki, hemen erabaki" egikaritzeko engaiamendua berretsi du, frantses Gobernuaren «mespretxu eta gabezi demokratikoari» aurre egiteko.

«Aberri Eguna hemen bizi eta lan egiten dugunon eguna da. Gure aberria da, gu guztiona. Txikitatik hala sentitu dugun guztiona, bizitzaren irakaspenen ondorioz besarkatu dugun guztiona; hemendik hasi eta mundua eraldatu nahi dugulako Euskal Herria libre nahi dugun guztiona; baita oraindik gure herrian bizi arren Euskal Herria maitatzen hasi ez diren herritar guztiena ere», esan zuen.

Lopepek Euskal Elkargoaren garrantzia ere nabarmendu zuen, eta «gure helburua ez bada ere», aukera hori Euskal Herriko hiru eremu administratiboak elkarlanean jartzeko baliatu behar dela defendatu zuen, «bakoitzak bere erritmoan eta bakoitzaren testuinguru politiko eta soziala errespetatuz».