Naiz
Lemoa

Gazte Topagunearen helburuak lortutzat eman dituzte Ernaik eta Aitzinak

8.000 lagun baino gehiago bildu dira asteburu honetan Lemoan Ernaik eta Aitzinak burututako Gazte Topagunean. Aldarrikapenak eta jaiak bat egin dute Arratiako udalerrian.

Zirkinik Bez! erromeria taldearekin dantzan. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Zirkinik Bez! erromeria taldearekin dantzan. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Pozik agertu da Izar Hernando Ernaiko bozeramaile sare sozialen bidez zabaldutako bideoan. 8.000 lagun baino gehiago pasa dira egun hauetan Lemoan izandako Gazte Topagunetik, atzo bukatu zena.

«Ia urtebete 'Bulkada berrien garaia da' dinamika jarri genuen martxa, eta misio bat jarri genion gure buruari. Eta hau zen belaunaldi berriak eta haien sortzailetasun eta indar guztia borrokara batzea. Eta bukatzear dagoen ikasturte honi begiratzerakoan eta baita ere amaitu berri den Gazte Topaguneari begiratuta uste dugu misio hori bete egin dela», adierazi du. 

Bestetik, boluntarioen lana azpimarratu du, izan ere «2.000 txanda baino gehiago egin ditu jendeak». «Eta nabarmendu nahi dugu herritarrek eta udalak egin diguten harrera. Hasieratik harrera oso ona izan da eta ate guztiak irekiak topatu ditugu», gaineratu du.

Azken eguna

Lemoan bildu diren gazteek ez dute ahaztuko bizi izan dutena. Lanbroarekin esnatu dira egun hauetan Gazte Topagunean elkartu diren gazteak. Eguzki izpiak atera nahian, dendak jasotzeko ordua iritsi zaie. Baina gaurko goiza ere probetxuzkoa izan zitekela frogatzeko, gosaldu osteko Zumba saioa izan dute 10.30ean Akeita-NAIZ gunean. Amaiera ekitaldia 12.00etan hasi da Zirkinik Bez! erromeriarekin. Gutxi batzuk dantzan izan badira ere, egon direnak gogotsu zeuden, ajea kentzeko modurik onena umorea dela jakinik.

Ekitaldia bukatuta eta traste guztiak jasota, pixkanaka hasi dira jada gazteak euren etxeetara bueltatzen, eguraldia lagun, ‘Topatu.eus’-eko eta Ernaiko lagunek sare sozialetan erakutsi bezala.

Atzoko gaua indartsua izan zen. Aberri Eguneko aldarrikapenen ostean, festarako aukera izan zen. Anita Tijouxek musikaz jantzi zuen eszenatokia, baita Rotten XIII-k ere.