NAIZ
DONOSTIA

Hauteskunde gauaren zuzeneko jarraipena, NAIZ Irratian

Apirilaren 28ko hauteskunde gaua zuzenean jarraitzeko emankizun berezia egingo du NAIZ Irratiak. Hautetsontziak istearekin bat abiatuko da saioa, GARA eta NAIZen delegazioetatik herrialde bakoitzeko datuen zuzeneko jarraipena egingo da eta datuak jaso ahala hauen analisia izango du emanaldiak ardatz. 

NAIZ Irratiaren seta Donostiako GARAren egoitzan.
NAIZ Irratiaren seta Donostiako GARAren egoitzan.

Internetez (labur.eus/naiz-irratia) eta FMz (Bilbo 92.2, Urola 91.8, Goierri 102.2, Donostia 93.8, Leitza 95.1, Gasteiz 91.5) zuzenean jarraitu ahalko da igandeko hauteskunde gaua NAIZ Irratian. 

Hautetsontziak istearekin bat (20.00) abiatuko den emanaldi berezian indar berezia egin du GARA eta NAIZeko erredakzioak eta unean-unean euskal herrialde bakoitzean gertatzen den guztiaren berri jasoko du hiriburu bakoitzeko delegazioetatik. 

Igandean ebatziko diren auziei begirada zehatza eskaintzeko, GARA eta NAIZen ohikoak diren sinaduren analisiak jasoko ditu saioak, baita gau honetarako propio gehitutako beste ahots batzuenak ere eta alderdi nagusien egoitzetatik zuzenean jasoko ditu gaueko balorazioak. 

Entzuleen parte hartzea

Irratsaioan zuzenean parte hartzeko aukera ere eskaini nahi die NAIZ Irratiak entzuleei eta horretarako bere sare sozialetako kontuak baliatzeaz gain telefono zenbaki bat ere eskainiko du whatsapp bidezko audio mezuak jasotzeko, +34 650 60 01 19 da zenbakia. Hauteskunde gauean norberaren herriko datuak, iritziak edo esperientziak audio mezu bidez bidaltzeko deia egin dute irratitik (zenbaki horretan ez da deirik hartzen, audio mezuak jasotzeko soilik erabiliko da). 

NAIZen eta GARAn, emaitzak zuzenean

Irratiko emankizuna GARA eta NAIZ hauteskundeen berri emateko egiten ari diren esfortzu bereziaren parte da. Igandean hauteskunde egunaren zuzeneko jarraipena egingo du NAIZek eta 20.00etatik aurrera atari digitalean jarraitu ahalko dira emaitzak. 

Asteleheneko GARAren papereko edizioa ere berezia izango da, herriz herriko emaitzak jasoko ditu eta baita hauteskunde demak utzi duen egoera politikoa aztertzeko analisi osatuak ere.