@iraiaoiarzabal

Boto abertzalea gailendu da Gipuzkoan, EAJ-k eta EH Bilduk bina eserleku lortuta

Gipuzkoatik, alderdi abertzaleek izango dute ordezkaritza zabalena Kongresu espainiarrean. EAJ nagusitu da herrialdean, bi eserleku lortuta. EH Bilduk eserleku bat irabazi du 2016ko hauteskundeetatik hona eta bi ordezkari izango ditu Madrilen. PSEk eta Podemosek ordezkari bana lortu dute.

Mertxe Aizpurua, EH Bilduko hautagaia Donostiako ekitaldira iristen. Juan Carlos RUIZ / FOKU
Mertxe Aizpurua, EH Bilduko hautagaia Donostiako ekitaldira iristen. Juan Carlos RUIZ / FOKU

Gipuzkoako sei eserlekuetatik lau alderdi abertzaleentzat izango dira, zenbaketa %90ean dagoela emandako emaitzen arabera. Hala, eskuinaren gorakadaz ohartarazten zuten mezuen aurrean boto emaile gipuzkoarren gehiengoak burujabetzaren aldeko joerari eutsi diote. EAJ nagusitu da herrialdean, 2016ko emaitzak hobetuz, eta bi eserleku lortuko lituzke botoein ia %29 jasota. Joseba Agirretxearekin batera Iñigo Barandiaranek osatuko du jeltzaleen ordezkaritza Gipuzkoatik.

EH Bilduk ere gora egin du 2016tik hona eta eserleku bat izatetik bi lortzera pasa da bozen %23 baino gehiago lortuta. Mertxe Aizpuruarekin batera, beraz, Jon Iñarritu ere joango da Madrilgo kongresura. Ezker independentistak bere egin du herrialdeko azken eserlekua, PSEren kalterako.

PSE izango litzateke hirugarren indarra eta botoen %19rekin eserlekua mantenduko luke Odon Elorzak. Gipuzkoan ere goranzko joera hartu du Pedro Sanchezen alderdiak. Alderdi sozialistak gora egin duen bitartean, Podemosek behera egin du nabarmen eta eserlekua nabarmenduko duen arren, ia hamar puntu jaitsi du boto kopurua, %17 ingurura.

Nabarmentzeko beste elementua eskuin espainiarrak Gipuzkoan duen ordezkaritza eskasa da. Izan ere, PP-k eserlekurik gabe segituko luke Gipuzkoan botoen %5 baino ez baitu eskuratu. Ciudadanos eta Vox ere kanpoan geratzen dira. Hiruko eskuindarrak lortutako emaitzak batuta, ez dira %10ra iristen Gipuzkoan.