GARA
BILBO

Asiloa ukatzen zaien errefuxiatuen lana bermatzeko eskatu du CEAR-ek

Maiatzaren Lehenaren testuinguruan, lanean ari diren errefuxiatuen eskubideetan jarri nahi izan du fokua CEAR-Euskadik. Izan ere, azaldu duenez, asilo eskaera ukatzen badiete muturreko ahultasun egoeran gelditzen dira, lan egiteko baimenik gabe eta langabezia prestazioa ere kobratu ezinik, horretarako nahikoa kotizatu badute ere.

Lanean ari diren errefuxiatuak, asiloa ukatzen zaien unean, zein egoera ahulean gelditzen diren ohartarazi nahi izan du CEAR-Euskadik Maiatzaren Lehenaren testuinguruan. Antolakundeko ordezkariek atzo Bilbon egindako agerraldian agertu zutenez, bertan bizitzeko baimena ukatzeak muturreko egoera batera eramaten ditu pertsona migranteak; tartean, lanean ari diren lagunak.

Asilo eskubidea arautzen duen legeak ezartzen duenez, eskaerak sei hilabete baino gutxiagoko epean ebatzi behar dira. Baina errealitatea bestelakoa da: «Pertsona askok bi urte baino gehiago itxaron behar izaten dute erantzuna jaso arte. Epe hori nahikoa da beren bizitzak berregituratzeko, eta une batean berriro suntsi daiteke».

Eskarien %76, ukatuak

CEAR-Euskadiko zuzendariak, Patricia Barcenak, adierazi zuenez, «tamalez, ez dira kasu isolatuak». 2018an, urte horretan ebatzitako eskaeren %76 atzera bota zituzten.

Azaldu zuenez, migranteei asilo eskaera ukatu dietela jakinarazten dieten momentuan bertan, automatikoki egoera administratibo irregularrean egotera igarotzen dira, eta horrek, bertze gauza batzuen artean, egun batetik bestera lan egiteko baimenik gabe gelditzen direla erran nahi du, dakartzan ondorio guztiekin. Gainera, ez dute eskubiderik langabezia prestazioa kobratzeko ere, nahiz eta horretarako nahikoa kotizatua izan.

Barcenak oroitu zuen jazarpena, gatazkak edo miseria atzean uzteko egiten dutela ihes errefuxiatuek jatorrizko herrialdeetatik. «Beren bizitzak hemen berregituratzen dituzte, iristen direnean zerotik hasi behar dutelako», adierazi zuen.

Itxaron bitartean

Patricia Barcenak erantsi zuenez, asilo eskaera egin ondoren, baimen bat ematen diete errefuxiatuei sei hilabete igaro eta gero lan egin ahal izateko. Baimen hori sei hilabetean behin berritu behar izaten dute, espedientea ebazten den arte.

CEAR-Euskadiko zuzendariak azaldu zuen erantzunaren esperoan dauden bitartean errefuxiatuek tokiko hizkuntzak ikasten dituztela, prestakuntza jasotzen dutela eta, kasu aunitzetan, birziklatzeko ere baliatzen dutela denbora.

Pertsona horiek ezin izaten dute hemen jatorrizko herrialdeetan zuten karrera profesionala garatu, titulazio akademiko eta unibertsitarioen homologazio prozesuak korapilatsuak izaten direlako. Oztopo horiek guztiak gainditu eta denbora igarotzen denean, aunitzek lana lortzen dute, baina sarri beren herrialdean zutena baino kualifikazio txikiagoko lanpostua izaten da. «Eskaera ukatzen zaien unean, egoera administratibo irregularrean geratzeaz gain, bat-batean enplegua galdu eta muturreko ahultasun egoerara itzultzen dira».

Egoera latz horren aurrean, CEAR-Euskadik pertsona horien guztien enplegua mantentzea proposatzen du, baimen administratibo baten bidez, lanean jarraitu dezaketela bermatzeko.