NAIZ

Onik aurkitu dute Urbasan galdutako gizona

SOS Deiak zerbitzuak jakinarazi duenez onik aurkitu dute bart gauetik bila ari ziren 75 urte inguruko gizona. Abereak zaintzera irten eta ez zen etxera itzuli abeltzaina.

Arabako eta Nafarroako suhiltzaileek topatu dute galdutako gizona. (Arabako Foru Suhiltzaileak)
Arabako eta Nafarroako suhiltzaileek topatu dute galdutako gizona. (Arabako Foru Suhiltzaileak)

Ameskoako bizilaguna eta etxera itzultzen ez zela ikusita senitartekoek haren desagerketaren berri eman zuten. Gaur eguerdian jakinarazi du SOS Deiak zerbitzuak onik aurkitu dutela.

Gaueko hamarrak aldera ekin zieten bilaketa lanei. Nafarroako suhiltzaileak, Foru Polizia eta Guardia Zibilak desagertutako gizonaren autoa aurkitu zuten, baina barruan ez zegoen inor.

Bart bilaketa lanek aurrera jarraitu dute Nafarroak Arabarekin muga egiten duen gunean. Gaur goizak argitu bezain laster basozainak, familiakoak eta galdutako gizonaren lagunak ere gehitu dira bilaketa lanetara.

Nafarroako Gobernuak alertan jarri du helikopteroa, goizean goiz inguruan zegoen lainoak ezinezkoa egin duen arren hegan egitea.

12.00ak aldean jakinarazi dute 112-tik onik aurkitu dutela gizona, Araba eta Nafarroako larrialdietako zerbitzuek artatu dute.