Maite UBIRIA BEAUMONT
KANBO
Entrevista
ANAIZ FUNOSAS
BAKE BIDEA ELKARTEKO LEHENDAKARIA

«Arnagako Adierazpenak konponbide prozesua lurraldean errotu zuen»

Arnagara bueltatu da Anaiz Funosas Kanboko etxe eder horren gela dotore eta lorategien artean ETAren desegitea markatzeko eta etorkizunaren erronkak zehazteko bertan iaz egin zen bake konferentziaren oroimen eta ikasgaiak GARArentzat askatzeko xedez.

Euskal Herriko historia hurbila markatu duten topaketa eta adierazpenetan eskarmentu handia badu Anaiz Funosasek. Aiete eta Arnaga artean abagune berri baten eraikuntzaren lekuko izan da. Izan ere, «ekimen ikusgarriak» ahantzi gabe, jardun isilari ematen dio garrantzia, «helburu kolektiboak lortzeko xedez konfiantza elikatzen dutelako».

Konponbide prozesuaren ikuspuntutik garrantzi berezia zuen ETAren desegitea irudikatu zuen Arnagako ekimenak. Zer oroimen atxiki dituzu 2018/5/4 data horri buruz ?

Lehenik eta behin, Aieteko Konferentziaren ondotik eginiko lan kolektibo baten emaitza bezala irudikatzen dut Arnagan egin genuen ekimena. Aldi oro, prozesu luze eta berezi horren baitan urrats bat ematen dugula, pauso horrek harturiko bidearen baieztapen bat ekartzen du eta, era berean, gure ardura sentimendua areagotzen du. Sentsazio nahasiak dira, kudeatzeko egun zailak izaten direlako horrelakoak, baina oroitzen naiz egunaren bukaeran presioa laxatu zenean, egin beharrekoa egin genuelako sentsazioarekin joan nintzela lo egitera. Ene irudikotz, momentuak eskatzen zuen solemnitatea hartu zuen ekimenak eta hori ere garrantzitsua zen. Bi estatuak ez ziren Arnagan, ezta bertze hainbat euskal erakunde ere. Hala ere, Euskal Herriak eta euskal gizarteak merezi zuten une garrantzitsu hori behar bezala aktan jasotzea, eta hori egin genuen, bertako ordezkariekin eta nazioarteko eragileen laguntzaz.

Zure aurreikuspenak bete ziren edo hutsune horiek itzal handiegia utzi zuten?

Hutsuneak, gabeziak, egin beharrekoak bezala, betiere perspektiban jartzen ahalegintzen gara. Absentzia horiek ez genituen porrot gisara bizi, baizik eta etorkizunari begirako erronka bat bezala. Bagenekien bezperatik nola zeuden gauzak, bake justu eta eraginkorra iristeko beharrezko ziren urrats guztiak ez genituela emango, gerorako lan handia utziko genuela. Edonola ere, Arnagak gure aurreikuspenak ase zituen, eta lorpen kolektibo bezala bizi izan genuen konponbiderantz pixka bat gehiago hurbildu gintuen eguna. Bagenekien ETA desagertuta ez zela gure lana bukatzen, baina agerikoa da oinarri berria jarri genuela. Nolabait kanpamentu basea gorago eraman genuen, gailurra egiteko baldintza hobeagoak eskuratuz.

Armagabetze egunaz geroztik egin beharreko ahalegin guztiak egin ziren Arnagan euskal erakunde guztiak izan zitezen?

Bistan da eginikoa ez zela nahikoa izan korapilo hori askatzeko. Baina berriz diot, erronken atalean kokatzen dut afera. Gaur ez duzuna lortu bihar ahal duzu eskuratu. Hori izanen da gure lan moldearen irizpideetariko bat eta ikuspuntu horretatik hausnartzen dugu dena.

Alegia, aitzina begira, egin beharreko lana partekatzeko aukerak ikusten dituzu.

Aitzina begira, uste dut posible izango dela bide berriak asmatzea. Garaian oso presente zegoen, eta horretaz jabetu behar dugu denok, kontakizunaren gakoa. Tentsio handiak baziren, baina ororen buru, ETAren desagertzearen momentu hori behar bezala markatzea lortu genuen, eta horri esker baldintza berriak eskuratu genituen herri bezala denon artean geroa eraikitzeko.

Aieten eginiko bilkura bertatik bertara jarraitzerik ez genuen izan. Alta, Arnagan hitzaldi guztiak zuzenean entzun genituen kazetariok. Horrela aurreikusita zegoen?

Hasieran ez genekien zehatz-mehatz nola antolatuko ziren momentu ezberdinak. Normalki, oso denbora estuarekin jakiten dira, eta beraz, antolatzen dira gauza horiek. Egia da Aieten parte bat itxia eta bestea irekia izan zela. Zergatik Arnagan ez zitzaion eredu berari jarraitu? Neurri handi batean nazioarteko ordezkariek nahikeria handia erakutsi zutelako momentu historiko amankomun hori euskal gizartearekin bertatik bertara partekatzeko.

Konplizitate keinuetan aski aberatsa izan zen eguna Kanbon. Nolabait konferentzia baliatu nahi izan zenuten nazioarteko komunitatetik jasotako sostengua eskertzeko?

Dudarik gabe. Garatzen ari garen bake prozesua berezia da, eta kontziente izan behar dugu ordezkari horiek ahal izan zutela deliberatu beste herri batera joan, beste aldera begiratu. Estatua ez duzunean ondoan prozesu bat garatzeko, ez da erraza pertsonalitate horien sostengua jaso eta luzaroan atxikitzea. Ahal zuten gure herria baztertu, baina ez zuten egin, sinetsi egin zuten, eta ukazio guztien gainetik Euskal Herriko gizarte zibilak gauzak errotik aldatzeko nahikoa indar bazuela berretsi zuten. Urteetan konfiantza egin ziguten eta zor genien nolabait etsipenean erortzeko uneetan beraiek emandako hauspoa eskertzea, eta, bereziki, urrunago joateko behar zenean akuilu lana egin zutelako esker ona agertzea. Arnagan gertatu zena beren lorpena era bazela aitortu genien gizarte bezala.

Arnagako Adierazpenean ETAren bukaera txalotzeaz gain erronka batzuk zehaztu ziren: zehazki bizikidetzaren prozesuarekin jarraitzeko beharra azpimarratzen zuen agiriak. Zein izan da orain arte adierazpenak egin duen ibilbidea?

Bizikidetza helburu bat da, baina bizikidetza eraikitzeko urratsak behar dira urratu. Ipar Euskal Herrian aitzinetik bide bat egina zegoen, baina Hego Euskal Herrian benetako azkartze bat eman da. Nire ustez, artikulazio berri bat sortzen ari da, ikuspegi berri bat ari da garatzen. Egiaren gose da gure herria, eta alde ezberdinetako jendeek beraien hitza askatu dute, eta erakutsi dute esperantzaren aldeko bide bat lantzeko prest direla. Guri dagokigu pertsona horiek egiten duten ahalegin zail eta mingarria baloratzea eta babestea.

Zehazki zer ekarpen nabarmenduko zenituzke igaro den urte honetan?

Foro Sozialaren eskutik heldu diren solasaldiak, sufritu duten jendeen arteko gurutzatze berriak, balorean emango nituzke. Nik, alde batetik, Etxeratek minaren inguruan eginiko adierazpena eta, bestetik, estatu biolentziaren biktimen aitortza eskatuz ETAren 40 bat biktimek eginiko adierazpena nabarmenduko nituzke, batik bat. Zinez adierazgarriak direlako. Arnagako Adierazpenaren aurretik, nehork gutxik, nik ez bederen, ezin zuen pentsatu urtebete beranduago hitz horiek entzungo genituela. Ez zen sumatzen gaitasun hori. Eta funtsezkoa da aktibazio edo erreaktibitate hori garatzea, horrek laguntzen duelako bake prozesuaren aldekotasun eremua zabaltzen, eta gatazka honek sortutako min eta utzitako ondorio guztien gainditzeko bidean baldintza berriak sortzen laguntzen du halaber.

Eremu batean eginiko urratsak bestean sortzen du onura.

Bederen Ipar Euskal Herrian, seguruenik baita Parisen ere, horrelako hitzek geroari begira urratsak ematen laguntzen dute. Onura askotarikoa da. Lehenik eta behin, hemengo eragileen konpromiso, grina, inplikazioa sendotzen dutelako bizikidetzaren aldeko hitz horiek; bestetik, prozesuaren tentsioa atxikitzeko, aurrera segitzeko, ezinbestekoak dira aurrerapausoak.

Presoen eta beraien familien kasuan sufrimendua ez da iragana oraina baizik. Lehenengo hurbilketen ondotik, blokeoa etorri zen, baina elkarrizketa abian da berriz. Noizko mugimendu berriak ?

Pauso berriak etorriko dira, lehenik eta behin, gure indarrean sinisten dugulako, eta gaitasuna dugulako, herri bezala, prozesua segiarazteko. Bestalde, esango nuke, behar morala sentitzen dugula. Bai, aski fite, espazio horretatik mugimendu berriak etorriko direla espero dugu.

Frantzian dispertsioak iraungitze datarik ba al du? Noizko?

Lehenbailehen.

Gauzagarria da aurten langa hori gainditzea behingoz?

Gauzagarria baino obligazio bat da. Ez da sekula onargarria izan, baina, Parisen lan egiten duen euskal delegazioak, euskal gizartearen gehiengo zabal batek bezala, hori behar dela gertatu, eta azkar, uste du, eta horren alde bultzatzen du. Horrekin bukatu behar da. Baina, era berean, erronka hortik harago kokatu behar dugu: gatazkaren konponbidearen helmuga ez da dispertsioa bukatzea, bizikidetza helburu presoen etxeratze prozesuari begira orria zehaztu behar dugu: helburu horretara hurbiltzeko, salbuespen neurriak bukatzea da gakoa. Denen helburua izan behar da lege arrunta aplikatzea. Gaurdanik behar ditugu urrats horiek perspektiban kokatu eta estatuen aitzinean ere ibilbide osoa irudikatu.

Iaz, gela dotore honetan, biktimak gogoan minutu bateko isilunea egin zenuten hitzaldiak abiatu aitzin. Geroztik zer egin duzue atal horretan? Oreka falta egotzi zaizue tarteka.

Bakearen aldeko jarduna anitza da eta atal bakoitzean dauden erronkak eta arriskuak behar dira zehaztu. Batzuetan barne lan hori, lan isil hori, gutxiesteko joera dugu, eta pentsatzen dugu dena izan behar dela ikusgarri, eta beti ez da horrela. Aipatzen duzun alorrean bada lorpen handia: herritarrekin konpartitu dugu lan eskema berria, presoen eta biktimen gaiak oposizioan jorratu ordez interkonexioan landuz. Horrela lor daiteke gaur eremu batean ematen den urratsak bihar bestean pausoak ekartzea. Elkarbizitza da helmuga, baina bidea eraiki behar da urratsez urrats, pertsonen ibilbideak eta denborak errespetatuz.

Arnaga ondoren ez al da zailagoa, ordea, tentsioa atxikitzea? Are, euskal ordezkarien engaiamendua berriz eraiki beharko da... heldu den urtean herri eta elkargorako bozak baitira.

Prozesua etengabe behar da elikatu, konfiantza eta ulermenak eguneratu behar dira. ETA erakundeak desagertzeko pausoa eman eta gero zalantzak bagenituen baina lortu dugu tentsionamendua mantentzea. Urtarrileko manifestazioak mugarri inportantea markatu zuen. Jende kopuruarengatik, baina batez ere inoiz manifestazio batean ikusi ez genituen auzapez batzuk etorri zirelako. ETA desegitearen ondorioz ordezkari berriak gehitu ziren, beraz, gatazkaren ondorioak behar direla gainditu esateko. Horrek argi erakusten du Arnagak utzi digun ekarpena.

Zehazki?

Bakearen aldeko prozesua inoiz ez bezala lurralde baten eraikuntza dinamikan txertatu da.