GARA
BUENOS AIRES

Aita Santuaren esku-hartzea eskatu dute abusuen biktima argentinarrek

Eliza katolikoan sexu abusuak jasan behar izan zituzten Argentinako zenbait biktimak Frantzisko aita santuaren esku-hartzea eskatu dute Buenos Aires hiriburuan egindako manifestazio baten bitartez.

Zero tolerantzia, behingoz. Horixe exijitzen diote Eliza katolikoari ostegunean Buenos Airesen protestaldia egin zuten biktimek. Eta erakunde horretako buru den Frantzisko I.ari bere herrialdeari bisita egiteko eskatu diote, Elizaren abusuekiko jarrera berriaren urrats moduan.

Monseñor Mariano A. Espinosa apaizetxearen aurrean elkartu ziren hamarren bat biktima eta Elizan jasandako abusuak salatzen dituzten elkarteetako zenbait kide.

Kasu horiekiko jarrera gogorragoa exijitzen diote Elizari, orain artekoa egokia izan ez delakoan. Eta horixe nabarmentzeko, oso leku esanguratsua aukeratu zuten beren ekitaldia egiteko. Izan ere, Ruben Pardo apaiza bertara bidali zuten erakundeko agintariek, Gabriel Ferrinik eta haren amak erlijiosoa salatu ondoren.

Salatzaileak hamalau urte baino ez zituen, eta bere etxetik gertu bizi zen Pardo, haren abusu ahaleginak jasan behar izan zituenean. «Hementxe ezkutatu zuten. Hona ekarri zuten nire salaketaren berri izan zutenean, nire etxearen ondoan eduki ez nezan, haur hezkuntzako eskola bateko adingabeak konfesatzen zituen bikarioetxe batean egon ez zedin», jakinarazi zuen Ferrinik berak.

Apaizetxearen aurrean elkartutakoentzat oso garrantzitsua da tankerako abusu gehiago gerta ez dadin neurriak hartzea, biktima gehiago izan ez dadin.

Ruben Pardo apaiza bera hil egin bazen ere, Ferriniren salaketak aurrera egin zuen, eta epaileek arrazoia eman zioten salatzaileari. Gainera, Elizari kalte-ordainak ezarri zizkioten.

Manifestarien aldarrikapenen artean dago, halaber, abusuen inguruan Elizak berak ba omen dituen artxibo sekretuak zabaltzea eta, aldi berean, Argentinako Estatuaren eta Vatikanoaren arteko harremanak arautzen dituen 1966ko konkordatua aldatzea, aurrerantzean sexu abusuak egiten dituztenen aurkako prozesuak modu errazagoan egin daitezen. Manifestariek bost gotzain ikertzeko ere eskatu zuten, abusuen aurrean ezer ez egiteagatik.