Danel Elezkano izango da Iker Irribarriaren arerioa Buruz Burukoaren Eibarko finalerdian, partida lehiatu batean, Peio Etxeberriari 22-13 irabazi ostean. Emaitzak irudika dezakeena baina lehia estuagoa izan da, erritmo itogarrian jokatutakoa eta zailduagoa izateak eman dio garaipena bizkaitarrari.
Final laurdenetako beste partidetan ez bezala, Tolosan ez da kolpean alde nabarmenik izan bi pilotarien artean eta partida aurreko koadroetan jokatu da. Peio Etxeberria saiatu da lehiari erritmo bizia jartzen eta horrek zenbait huts egitera eraman du eta hortik ihes egin dio partidak.
Seinako berdinketaren ostean, Elezkanok lehen alde nabarmena hartu du, batez ere arerioak huts egindako pilotei esker (12-7), baina Peio Etxeberriak ez du amore eman. Pilotalekua alde zuen Zenotzekoak eta, errematean asmatu duenean, 13-12 ere gerturatu da, baina zabaletik, aukera aukerako pilota bat ezker paretan gora bota du eta hor amaitu dira nafarraren aukerak.
Ordura arte lotuta antzean aritu den Elezkanok sakearekin ere gehiago asmatu du eta alde egin dio markagailuan, garaipen argi baina sufritu bat lortuz.