Guardia Zibilak bihar, 175. urteurrenaren ekimenen baitan, Iruñeko kaleetatik desfile bat burutu nahi du eta azken orduetako prestaketa lanetan agenteen presentzia areagotu da nafar hiriburuan. Azkena, gaur goizean bertan egin duten entsegua Basotxo inguruan.
Sortuk egoera hau salatu du. «Erabat itogarria da Iruñeko kaleetan uniformaturik eta armaz lepo dabiltzan guardia zibilen presentzia. Ulertezina da 2019. urtean biolentziaren apologia egiten duten desfileak ahalbidetzea oraindik orain», adierazi du ohar baten bitartez.
Zentzu horretan indar polizial honek Euskal Herrian duen «istorio iluna» ekarri du gogora. «Hamarkadetan zehar euskal herritar ugari atxilotu, torturatu eta erail ditu. Espainiaren batasuna inposatzeko terrore sistema oso bat ezarri du, herri honen eta herritarren askatasun goseari kontrajarriz».
Honela, «indar okupatzaileen berehalako errepliegea» exijitu du Sortuk, «bai eta indarkeriaren erabilerari uko egitea ‘una grande y libreren’ proiektua inposatzeko». Desfile eta ekimen hauen aurrean, berriz, Iruñeko jendartea «indarkeriaren gorazarre eta inposizio berri honi errefusa egitera» animatu dute.