NAIZ
GASTEIZ

«Garai berrira egokitzeko salto kualitatiboa» iragarriko du Sarek bere 5. urtemugako ekitaldian

Datorren ekainaren 16an ekitaldia egingo du Sarek Donostian bere bosgarren urteurrena ospatzeko. «Garai berrira egokitzeko» urrats kualitatiboa iragarri dute eta, hain zuzen, zehaztasunak emateko ere baliatuko dute hitzordu hori. 

Joseba Azkarraga eta Bego Atxa, Sareren bosgarren urtemugako ekitaldiaren aurkezpenean. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Joseba Azkarraga eta Bego Atxa, Sareren bosgarren urtemugako ekitaldiaren aurkezpenean. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Sareko ordezkariek agerraldia egin dute Gasteizko egoitzan, bosgarren urteurrena dela-eta ekainaren 16an Donostian, Miramongo Zentro Teknologikoan, egingo duten ekitaldiaren berri emateko. 

Zita horren aurkezpena Sareren ibilbidearen balantze bat egiteko ere baliatu dute. Lehenik eta behin, bost urte hauetan «sare zabal eta anitza osatzea» lortu dutela nabarmendu dute, ideologia ezberdina duten pertsonak batuz. «Honek, dudarik gabe, jaio gineneko oinarria biderkatzea ekarri du», adierazi dute. 

Joseba Azkarraga eta Bego Atxa eledunen esanetan, «garrantzitsua da, gure oinarri sozialaren zabalpenaz harago, urte hauetan gizarte zibilaren, instituzioen, alderdien, sindikatuen eta baita giza eskubideen alorrean lan egiten duten eragileen arteko artikulazioa lortu izana nabarmentzea». 

Orain arte eginiko bidea «positiboa» dela deritzote, baina kontziente dira «gustatuko litzaigukeena baino geldoagoa» izaten ari dela eta «nahi baino traba gehiago» dituztela gainditzeko. 

Nolanahi ere, etorkizunari «baikor» begiratu nahi diote eta «zailtasunak zailtasun» argi dute «azken bost urte hauetan herri honek urrats sendoak eman dituela eta esperantzari ateak zabaldu dizkiola». 

Ildo horretan, azken hauteskundeetako emaitzei ere erreparatu diete, «espetxe politikan oraindik bizi dugun inpas egoera aldatzeko gehiengoa badela» azpimarratzeko. «Amaitu dira, beraz, aitzakiak. Borondate politiko kontua da orain gehiengo horiek baliatuz urratsak ematea», esan dute. Baieztatu dute «gorroto eta mendeku dinamikak alboratu eta giza eskubideak errespeta daitezen eta sufrimendu oro amai dadin akordioak eta urratsak emateko eskatzen» jarraituko dutela. 

Garai berriari egokitzeko Sarek ere «salto kualitatibo bat» eman behar duela uste dute Azkarragak eta Atxak, «bai dinamiken garapen mailari dagokionean baita oraindik ere gure lanarekiko atxikipena ez duten sektore zein norbanako horiengana iristeko lanketan ere». 

«Unea da –esan dute– Sarek ere etorkizunaren gaineko hausnarketei ekitekoa eta bere buruari ezarritako helburuak berdefinitzekoa». Urrats kualitatibo hori da ekainaren 16ko ekitaldian gizarte osoarekin partekatu nahi dutena. 

Hitzordu horren ostean, «dudarik gabe, ziklo berri bati» ateak irekiko dizkiotela nabarmendu dute.