NAIZ

Zorrotzaurreko proiektuaren «eredu pribatizatzailea» salatu dute hainbat eragilek

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak eta beste hainbat eragile, elkarte, alderdi politiko eta sindikatuk haien desadostasuna adierazi dute Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak Deustuko Erribera-Zorrotzaurre «eliteen zerbitzurako Unibertsitate Hiri bihurtzeko garatzen ari diren» proiektuen aurrean.

Zorrotzaurre proiektuaren pribatizazioa salatu dute hainbat eragilek. (Bilboko Auzo Elkarteen Federazioa).
Zorrotzaurre proiektuaren pribatizazioa salatu dute hainbat eragilek. (Bilboko Auzo Elkarteen Federazioa).

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak eta beste hainbat eragile, elkarte, alderdi politiko eta sindikatuk Zorrotzaurre planaren eredu pribatizatzailea salatu dute Deustuko Erriberan irakurritako adierazpen bateratu batean.

Alde batetik, eragileek salatzen dute Deustuko Erriberako higiezinen proiektua pribatua izan arren (Digipen, Kunsthal, Deustuko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitatea, IMQ, Mondragon Unibertsitatea...), diru publikoarekin sustatu direla, «bai ekonomikoki, baita azpiegitura, lursail, zerga-salbuespen edo birkalifikazio aldetik». Gainera, horren aurrean proiektu publikoak atzeratzen joan direla gogoratu dute, EHUko Medikuntza fakultate berriaren kasua jarriz.

Beste alde batetik, hezkuntzari zuzenduriko proiektuak izan arren, Bilboko beharrak ez dituztela kontuan hartu salatu dute. «Haur Hezkuntzatik goi mailako hezkuntzara aukera berdintasuna bermatu behar luketen zerbitzu publikoak planifikatu eta garatu ordez, Bilboko udalarentzat garrantzitsua dena unibertsitate asko izatea da, horrela eremu akademikoan ‘Guggenheim efektua’ sortzeko», adierazi dute Bilboko eskola mapa berriztu behar dela gaineratuz.

Bestalde, Deustuko Erriberako gaur eguneko eta etorkizuneko herritarren beharrei ez zaiela erantzunik eman salatu dute. Besteak beste, eskola bat hurbil ez izatea eta zerbitzu publikoan dauden hutsuneak nabarmendu dituzte. «Auzotarren eskaera sozialak eta kalitatezko zerbitzuak erdigunean jarri ordez, Zorrotzaurreko planak nahiago du promotore pribatuen errentagarritasunari lehentasuna eman», diote.

Azkenik, dena «gardentasunik» gabe egiten dela salatu dute, «auzotarrei bizkarra emanez, eta hiria kudeatzeko modu autoritarioan». «Espekulazio hutsean oinarritzen dira eta desberdintasunetan sakontzen dute; kostuak sozializatu eta onurak pribatizatzen dituzte», diote adierazpena sinatu duten taldeek.

Horren aurrean sinatzaileek hurrengoa exijitu dute: Hezkuntza publikoan oinarritutako Bilbo Unibertsitate Hiria Planaren berformulazioa; Zorrotzaurreko planaren berdiseinaketa, Deustuko Erriberako auzotarren beharrei eta eskakizunei egokitzeko; eta gardentasuna kudeaketan.

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioa, BIGE, HEIZE, Deustuko Erriberako auzo Elkartea, Erribera bizirik, BEEP (Bilboko euskal eskolaren aldeko plataforma), Urbanbat, Ibaiondo plataforma, Ikasle ekintza, Autopista kanpora, Irrintzi taldea, Aldarte, Galtzagorri, Bihotzaran Arangoitiko auzo elkartea, Atxurigorri auzo elkartea, ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT, EHBildu eta Udalberri, izan dira adierazpena sinatu duten eragileak.