Asier ROBLES

Bakion egindako kudeaketa babestu dutela herritarrek uste du Amets Jauregizarrek

EH Bildu lehenengo indarra izan da Bakion, 250 boto eta zinegotzi bat gehiago lortu ostean azken udal hauteskundeetan. Amets Jauregizar Bakioko alkateak nabarmendu duenez, herritarrek koalizio soberanistak azken legegintzaldian egindako kudeaketa «babestu» dute hauteskundeetan, eta «udalerrian abiatutako aldaketan sakontzen jarraitu behar dela» adierazi du.

Amets Jauregizar, Bakioko alkatea. (twitter @ehbildubizkaia ).
Amets Jauregizar, Bakioko alkatea. (twitter @ehbildubizkaia ).

Aurreko igandeko hauteskundeak eta gero, EH Bildu lehenengo indarra izatera igaro da Bakion. Koalizio soberanistak 2015ean baino 250 boto gehiago lortu ditu, eta lortutako 775 botoek, 5 zinegotzi eman dizkiote, aurreko hauteskundeetan baino bat gehiago. Horrenbestez, alkatetza mantentzeko aukera handiak ditu.

EAJk aldiz, 66 boto eta zinegotzi bat galdu ditu, eta 539 boto eta 4 zinegotzirekin geratu da. Azkenik, Bakio Bai plataformak 89 boto galdu ditu, baina mantendutako 2 zinegotziek alkatetzan nor izango den erabakitzeko ahalmena emango diote.

Amets Jauregizarrek, azken lau urteetan Bakioko alkatea izan denak, «poz handiz» hartu du EH Bilduk lortutako emaitza. «Herritarrek gure legegintzaldia babestu dutela uste dut. Akordioetan eta herritarren parte hartzean oinarritu gara, eta gardenak izan gara. Nik uste herritarrek hori kontuan hartu dutela», adierazi du.

Bestalde, Jauregizarrek uste du EAJren ustelkeri kasuak ez dutela emaitzetan eraginik izan. «Hori duela bi legegintzaldiko gauza izan zen. Oraingoan jendeak ez du botoa aldatu EAJri zigortzeko, baizik eta gure kudeaketa babesteko», azpimarratu du.

Jauregizarrek iritziz, Bakion emandako aldaketa 2007tik aurrera emandako prozesu bat izan dela uste du. Urte horretan EAJk botoen %73a izatetik %46a izatera pasatu zen, eta aurtengo hauteskundeetan %34a izan du. «EAJ botoak galtzen joan da, eta herritarrek alternatiba bat ikusi dute EH Bildurekin».

Bakioko alkateak argi dauka udalerriak aurreko legegintzaldian emandako «aurrerapausuekin» jarraitu behar dela, «beste erako herri eredu batean sakontzen jarraitu behar dugu, hori izan behar da gure erronka nagusia». Jauregizarrek udalerriko zorra asko murriztu dutela gogoratu du, eta legegintzaldi honetan guztiz kentzea espero du. Bestetik, herritarren parte hartzean sakontzen jarraitu behar dela nabarmendu du.

Alkatetzan jarraitzeko aukerei dagokionez, Jauregizarrek Bakio Bai plataformaren babesa berriro lortzen saiatuko dela adierazi du, eta hurrengo egunetan elkarrizketa harremanak hasiko dituztela.