NAIZ
GASTEIZ

Suizidioaren eragina murrizteko «lehen estrategia integrala» aurkeztu dute

Lakuako Osasun sailburu Nekane Murga buru zela, suizidioaren eragina murrizteko «lehen estrategia integrala» aurkeztu dute Gasteizen. Bederatzi arlo desberdinetan 57 neurri aurreikusten dituen planak «norabide bikoitzean» aurrera egiteko xedea du:  «arriskuaren detekzio goztiarra, berehala esku hartzeko, eta suizidioa gizartean ikusaraztea eta, horrela, estigmak eta tabuak apurtzea eta bizirik irteten diren pertsonak zaintzea».

Suizidioa Prebenitzeko Estrategiaren aurkezpena. (IREKIA)
Suizidioa Prebenitzeko Estrategiaren aurkezpena. (IREKIA)

Diziplina anitzeko eta erakundeen arteko lantaldeak prestatu du Suizidioa Prebenitzeko Estrategia, dagoeneko mundu osoan lehen mailako osasun arazo denari aurre egin nahi diona. 

Ekintza-plan honen helburua da, Nekane Murga Osasun sailburuaren esanetan, «Euskadin suizidioak duen eragina murriztea, tartean diren eremu guztietatik prebentzioan, esku-hartze goiztiarrrean eta eraginpean dauden pertsona eta familientzako arretan eragina duen sistema integralaren bidez». 

Murgaren arabera, «noranzko bikoitzean egingo dugu aurrera, horrela: suizidiorako arriskua dakarten jokabideen detekzio goiztiarra, berehala eta koordinazioz jarduteko; eta suizidioa gizartean ikusaraztea eta, horrela, estigmak eta tabuak apurtzea eta bizirik irteten diren pertsonak zaintzea».

Arlo desberdinetako lantaldeak zenbait hilabetez eginiko lanaren emaitza da estrategia eta, Murgak azaldu duenez, «Euskadi ez da hutsetik abiatu». Izan ere, azken urteotan suizidioaren jokabidea prebenitzeko eta hari heltzeko ekintzak garatu dira, funtsean osasun-eremuan, baina baita beste ingurune batzuetatik ere, hezkuntzakotik, gizarte-zerbitzuekoetatik edo larrialdietakotik, besteak beste. 

Nolanahi ere, oraingoan «jauzi kualitatiboa» eman da eta, horretarako, «prebentziorako, esku hartzeko eta postbentzioko sistema integratua eta eraginkorra ezarri, osasun publikoaren ikuspegitik Euskadin suizidioaren jokabidearen intzidentzia, nagusitasuna eta eragina murriztuko dituena».