NAIZ
BILBO

Gernika eta Luhuso bizikletaz batuko ditu Orain Presoak dinamikak, uztailaren 19tik 21era

«Elkarbizitzaren eta bakearen sinbolo diren bi herri», Gernika-Lumo eta Luhuso, batuko ditu uztailaren 19a eta 21 bitartean Orain Presoak dinamikaren baitan antolatu duten bizikleta martxak. 

Uztailean egingo duten bizikleta martxa aurkeztu dute Orain Presoak dinamikako kideek. (ORAIN PRESOAK)
Uztailean egingo duten bizikleta martxa aurkeztu dute Orain Presoak dinamikako kideek. (ORAIN PRESOAK)

Picassoren margolanaren muralaren aurrean agerraldia egin dute Orain Presoak dinamikako ordezkariek, Gernika-Lumon, uztailerako prestatzen ari diren bizikleta martxaren aurkezpena egiteko. 

Artelan hori bakearen sinbolo bilakatu dela gogoratuta, ohartarazi dute «oraindik orain, biktima guztiak eta espetxeen auzia askatuko duten akordiorik gabe», Euskal Herrian ezin dela «bake integral eta egiazkoaz hitz egin, egoera honek elkarbizitza ahalbidetzeko esparruak sortzea ahalbidetzen baitu».

Hain zuzen, hori baita bizikleta martxa honekin lortu nahi dutena: «elkarbizitzaren eta bakearen aldarria» Euskal Herrian barrena zabaltzea. 

Orain Presoak dinamikatik oroitarazi dute oraindik espetxean diren 254 presoen %65a 600-1.000 kilometrotara daogola urrundua eta gainerako %21a, 400-590era. 

Horrexegatik azpimarratu dute lanean jarraitzearen beharra. «Hala, uztailaren 19tik 21era elkarbizitzaren eta bakearen sinbolo diren bi herri batuko ditugu: Luhuso eta Gernika. Luhuso, non ETAren armagabetzea eta disoluzioa ahalbidetzeko lehen urratsak eman ziren, gizarte zibilaren konpromisoaren sinbolo bilakatu dena; eta Gernika, bizikidetzaren eta bakearen eredu eta sinbolo». 

Lehen etapa Luhuso eta Zarautz batuko ditu, bigarrena Lekeitiora arte iritsiko da eta hirugarrenean osatuko dute Gernikara arteko bidea. 

Itzuliaren inguruko informazio guztia biltzeko zein izena emateko aukera jarri dute webgunean. 

Azkenik, heldu den larunbatean, ekainak 8, Biarritzen egingo den giza katean parte hartzeko deia ere egin dute.