«Helburuetako bat pilotan ahalik eta urte gehien irautea da»
Aimar Olaizola lagun, azken proba gogorra egin zuen atzo Mikel Urrutikoetxeak Bilboko Bizkaia pilotalekuan, eta atzerapena eskatzera behartu zuen ezker eskua ez omen da «aitzakia» izango igandeko finalera begira. Bere aurkariarentzat bezala, final hau urte txar bat atzean uzteko modurik onena da eta pilotan berriz ere gozatu ahal izatea ere bada nahikoa garaipen, nahiz eta txapela nahi duen.
Keinu gutxiko mutila da Mikel Urrutikoetxea, baina Ezkurdia garaitu eta korrika joan zen finalean sartua zela gurasoekin ospatzera.
Finalerdia amaitutakoan berehala gurasoengana joan zinen; oso esanguratsua izan zen…
Bai, burura momentuan, irabazitakoan, etorri zitzaidan zerbait izan zen. Azkenean, orain dela urtebete oso une txarrak pasatu nituen, ez nekien noiz bueltatu ahalko nintzen berriz ere kantxetara eta azkenean une horietan konturatzen zara nor dagoen ondoan eta nork aguantatzen dituen zure momentu txar horiek. Azkenean, finalaurreko bat edo partida garrantzitsu bat galtzen duzunean haserrealdi edo disgustu horiek ingurukoek zurekin eramaten dituzte eta momentu onak eta bereziak ondoan beti izan dituzun pertsonei eskaintzen dizkiezu, kasu honetan gurasoei.
Final honek kapitulu txar bat betiko ixtea dakar?
Bai, gauza berezia da berriz ere final batean egotea. 2017an izan zen azkena, Jokinen aurka lau eta erdian, eta berriz ere buruz buruko final batean egotea gauza handia da.
Gainera, buruz burukoak badu zerbait desberdina, ezta?
Nik uste pilotari guztientzat dagoen bereziena dela, daukan historiagatik; irabazten duenak urte osoa gorriz jantzita ematen du, hor ikusten da ere nor den pilotari konpletoena. Azkenean zu bakarrik zaude kantxa barruan, beste kiderik gabe eta nik uste dut oso txapelketa garrantzitsua dela.
Zutaz beti esan da konpletoena edo osoenetako bat zarela...
Bueno, saiatzen gara. Ni kontziente naiz gauza asko hobetu ahal ditudala oraindik, baina horretan saiatzen gara egunero. Badakit zein gauza egiten ditudan ondo eta zeintzuk ez hain ondo, eta hori buruz buruko batean eta botilerorik gabe ikusten da, nork prestatzen dituen hobeto partidak, nork duen kualitate gehiago bai taktikoki bai psikologikoki, nork eusten dien partidako une txarrei, eta presioari.
Botilerorik gabe, kantxan bakarrik izango zara, baina kanpoan lantalde handi bat batu duzu...
Bai, egia esan, txapelketa hau eta aurrekoak beti oso ondo prestatu izan ditut, ilusio handiarekin. Azkenean, pilotariok hiru txapelketa garrantzitsu izaten ditugu urtean zehar eta beti nahi izaten dugu garai horietarako ahalik eta hobekien prestatuta egon. Fisikoki, pertsona oso garrantzitsu bat daukat nire ondoan, Iker –Lopez–, eta nire nutrizionistarekin batera talde bat sortzen dugu. Eta gero, taktikoki aukera daukat bi txapeldun handirekin entrenatzeko, Pablo Berasaluze eta Aimar Olaizolarekin, eta oso eskertuta nago denekin.
Aimar dagoeneko hasi al da teknikari bezala zurekin lanean?
Ez, azkenean lagun handi bat daukat, oso harreman handia daukagu eta niretzat oso eskertzekoa da. Erreferente bat izan da betidanik, txikitatik beti jarraitu ditut bere partidak eta gaur egun Baiko enpresan, nik uste, ez nik bakarrik, pilotari guztiok izan beharko genukeela erreferente moduan, irabazi dituen txapela guztiengatik eta ikusita zenbat jokatu duen eta oraindik ere jokatzen duen.
Halako final bat prestatzeko aholkulari hoberik ez zait bururatzen...
Niri ere ez, egia esan. Azkenean berak Buruz Buruko eta Lau eta Erdiko final asko jokatu ditu, badaki momentu hauetan partidak zelan prestatu behar diren eta, egia esan, ez daukat hitzik.
Iaz nola zinen eta aurten finalean, nola aldatzen diren gauzak...
Bai, guztiz desberdin. Iaz momentu txar bat pasatu nuen, garai honetan ez nekien oraindik zer neukan, nekatuta sentitzen nintzen eta ekainaren amaierarako banekien mononukleosi birusa nuela. Uda guztia geldirik eman behar nuen eta beti dauzkazu duda horiek, noiz irtengo zaren berriz kantxara. Beste lesio batean, hezur baten haustura-edo denean, medikuek badakite zenbat denbora beharko duzun, baina nik birus honekin ez nekien bost hilabete, bi, edo urtebete, zenbat denbora eman beharko nuen geldirik.
Txarrena, beharbada, zer zenuen jakin artekoa izan zen?
Bai, txarrena hori izan zen, azkenean ez nekielako zer nuen, eta partidetara joaten nintzen eta oso sentsazio txarrak nituen. Buruak gauza bat esaten zidan eta gorputzak ez zuen indarrik aurrera egiteko. Zalantza asko sortu zitzaizkidan, prestaketa ere desberdin egiten ari ote ginen, baina datuak-eta ikusita oso antzeko egiten ari nintzen bai prestaketa bai dena. Horregatik, oso arraroa egiten zitzaidan dena eta azkenean analitika bat egin eta hor ikusi zen birusa nuela.
Lehen, txapela ia guztiak Aimar eta Irujoren artean banatzen zituzten. Orain askoz banatuagoa dago kontua. Zein da zailagoa?
Desberdina da, orduan ere hautagai ugari zeuden. Gertatzen zena zen bi pilotari besteen gainetik zeudela. Baina, azkenean, pilotaren historian ere oso txapeldun gutxi egon dira Irujo eta Aimar bezalakoak. Gaur egun, lehen bezala, hautagaiak badaude, baina nik uste dut indarrak orekatuago daudela; emaitzetan ikusten da. 2013. urtetik txapeldun desberdinak izan dira gaur arte eta nik uste hori seinale ona dela. Pilotarentzat gauza polita da gauzak hain berdinduta egotea, emozioa egotea garrantzitsua da.
Eta ia Zaratamoko finala?
Bai, gauza berezia izango zen. Azkenean Danel txikitatik ezagutzen dut, ordu asko sartu ditugu herriko frontoian, bion ilusioa berbera zen, egun batean profesionaletara heltzea. Horregatik sartu ditugu horrenbeste ordu frontoian, asko gustatzen zitzaigulako pilotan jokatzea. Gauza berezia izango zen txikitatik ezagutzen dudan lagun baten aurka pilotan dagoen txapelketarik garrantzitsueneko finala jokatzea. Ez da hala izan, baina nik uste dut oraindik urteak ditugula biok ere horretarako borrokatzeko.
Zuretzat Aimar zena orain Danel eta zu zarete herrian...
Bai, bueno, auskalo. Bakoitzak bere gustuko pilotaria izango du. Batzuek igual beste bat Danelez eta nitaz aparte, baina garrantzitsuena eurek kirol honekin gozatzea da, kirol hau gustatzea.
Laster 10 urte profesionaletan?
Bai, ekainaren 13an 10 urte beteko ditut profesional bezala. Hamar urte hauetan pilotari askorekin jokatu dut. Oraindik debutaren eguneko eta urte horretako partida askotaz gogoratzen naiz. Debutatu nuenean pilotari gehienak 30 urtetik gorakoak ziren eta hamar urteren ondoren gauzak asko aldatu dira.
Gaur egun ia salbuespena zarete 30 urtetik gorakoak...
Horregatik esaten dizut gauzak asko aldatu direla. Debutatu nuenean 30ekoak asko zeuden eta pilotan asko jokatzen zuten. Normala den bezala, egindako pilotariak ziren, esperientzia handikoak eta errespetu handia sortzen zutenak kantxara irteten ziren bakoitzean. Gaur egun 30 urtetik gorakoak oso gutxi gaude, baina azkenean nik nirea begiratu behar dut eta nire helburuetako bat ahalik eta urte gehien irautea da. Horregatik esaten dizut erreferente bezala Aimar hartzen dudala, eta ea 40 urtera arte eusterik badudan.
Egindakoarekin gustura?
Bai, gauzak lehen bi edo hiru urteetan ez ziren nahi bezala irten. Bai, Lau eta erdiko Promozio txapela lortu nuen debutatu eta berehala, baina gero lesioak zirela eta, oraindik, gorputza egin gabe oso pisu gutxirekin, eskuetako arazo askorekin, hor bi urte pasatu nituen, pilotarekin gozatzen baino asko sufritzen. Eta bueno, gero 2013tik aurrera egindako gauzekin oso pozik. Hor emaitzak lortzen hasi nintzen eta 23 urtetik aurrera asko gozatu dut pilotaz.
Aldaketa fisikoa izan da giltza?
Prozesu bat izan da azkenean. Ni, 20 urterekin, egin gabeko pilotaria nintzen, kolpez eta bai, baina pisuz eta fisikoki oso biguna; ez nituen partidak gustura amaitzen, hustuta amaitzen nituen. Azkenean, oso bigun debutatze horren eta egindako pilotari askoren kontra jokatze horren eta afizionatu mailaren artean alde handia zegoen. Kostatu zitzaidan, baina 23 urtetik aurrera asko gozatu dut, eta egunetik egunera gehiago gozatzen ari naiz.
Oraingo pilotariak lotsagabeagoak dira?
Ez dakit, gauzak asko aldatu dira. Nik bakarrik esan ahal dizut debutatu nuenean aldageletan sartzen nintzen bakoitzean errespetu handia ematen zidatela bertan zeuden pilotariek. Pilotari askorekin kointziditu dut, pilotari handi askorekin, bai jokatzen, baita entrenatzen ere.
Une bat hautatzekotan?
Ez dakit, pilotari handi askorekin jokatu dut, baina irabazi ditudan txapelak hautatuko nituzke. 2016an Aimarrekin irabazi nuen Binakako Txapelketak ilusio handia egin zidan, baina Irujoren aurka eta Aimarren aurka buruz buru irabazitako partidak ere bereziak izan ziren. Bi txapeldun handiei irabaztea handia da.