Dena prest da igandean Bilboko Bizkaian jokatuko den finalerako eta, material aukeraketan ikusitakoaren arabera, ez da arazorik izango ez pilotekin eta ezta Mikel Urrutikoetxearen ezker eskuarekin ere. Astearteko entrenamenduaren ostean zaratamoztarrak esan zuen bezala, «ezkerra ez da aitzakia izango» eta %100ean irtengo omen da da bere Buruz Buruko bigarren txapelaren bila.
«Arazorik ez da izan materialarekin, bakoitzak berea bazeukan eta halaxe aukeratu dugu», azaldu du Iker Irribarriak. Aramakoak onartu du ondo egonda, «luze» egiten dela finalaren zain hiru aste egon beharra, «baina dena pentsatu bezala irten da eta sentsazio onekin iritsiko naiz».
Mikel Urrutikoetxea ere ondo helduko omen da igandeko finalera, eta lehen finala balu bezalako ilusioarekin. Beti erreferentziatzat duen Aimar Olaizolaren hitzei jarraituta, «partidako unean ondo egon behar dela» nabarmendu du eta botilerorik gabe, kantxan ikusiko da «nor den, teknikoki eta psikologikoki, pilotaririk osoena».
Halakoetan ohikoa izaten den moduan, inork ez du faborito txartela bere bizkar gainean hartu nahi izan eta finala %50ean dagoela esatera mugatu dira.