Haritz Larrañaga
Baiona

Ahate hazleak eta ELB sindikatuko kideak, Baionako epaitegian

Jean Michel Berho, Marc Florence, Alain Lataillade eta Panpi Sainte Marie epaituko dituzte gaur Baionako epaitegian, 2017ko udaberrian administrazio frantsesak ahateen hiltzea bermatzeko bidali zituen «DDPPko agenteen egin beharra trabatu eta hazkuntza etxaldeetako sarrera oztopatzeagatik». ELB sindikatuak elkarretaratzea egin epaitegi aitzinean, Estatu frantsesaren «tematzea» salatu eta ahate hazleei sostengua emateko.

ELBk elkarretaratzea egin du auzitegiaren aurrean, epaiketa hasi aurretik. (Haritz LARRAÑAGA)
ELBk elkarretaratzea egin du auzitegiaren aurrean, epaiketa hasi aurretik. (Haritz LARRAÑAGA)

Gisa honetako bigarren epaiketa izango da. Lehena, iazko udazkenean egin zuten Pauen. Kati Xabalgoiti, Barkoxeko hazlea errugabetzat jo zuten arren, ELB sindikatua 5.000 euroko isuna ordaintzera zigortu zuten. Gaurko epaiketa, ostera, Baionako prokuradoreak agindu du, epaituak izango diren abeltzainen etxaldeak Baionako auzitegiari dagokion eremuan aurkitzen direlako.

Bidaxunen (Nafarroa Beherea) dituzte haien etxaldeak Marc Florence eta Alain Latailladek, eta Jean Michel Berhoren etxaldea, berriz, Domintxinen (Zuberoa) aurkitzen da. Laugarren epaitua, Panpie Sainte Marie, ELBko bozeramailea da, eta hazleekin batera, hau ere ordena publikoa trabatzeagatik epaituko dute.

Epaituko diren gertaerak 2017ko apirilean jazo ziren. Herritarren Babeserako Departamenduko zuzendariak, hegazti gripea hedatzeko arriskua zela eta, kabalak modu prebentiboan hiltzeko agindua eman zuen. Aipatu hiru etxaldeetan ordea, ELB sindikatuaren laguntzarekin, administrazioaren aginduei aurre egitea erabaki zuten eta mobilizazio jendetsuak egin zituzten abeltzainak etxe inguruetan.

Zentzugabe

Hegaztiei egindako analisien arabera ahate gehienak sano zeuden, eta gripearen aztarnak aurkitu zizkieten hegaztiek gainera, antigorputzak garatu zituzten. ELBko ordezkarien hitzetan, «eritasuna haztegitik pasatu zen, baina ahateek erresistitu zuten», horregatik kexu ziren abeltzainak, zeren «ahate horiek aztertu eta gainerakoak sendatzeko baliatu ordez, denak hil nahi zituzten». Eri izan edo ez, administrazioak hegazti guztiak hil nahi zituen. Gauzak honela, «ELB-k ez luke kontra egingo ahateak gaixo balira, baina ahateak sano ziren, horregatik borrokatu genuen», azaldu zuen Panpie Saint Marie bozeramaileak.

Duela bi urte administrazio frantsesak eman zuen agindua «zentzuzkoa ez zela» iritzi zioten modu berean, bi urte beranduago Baionako epaitegiak ireki duen bidea ere zentzugabea dela iritzi dio euskal laborarien sindikatuak.

«Ahateek ez zuten eritasunik garatu, erabat digerituak dira. Garaian, ordena publikoa trabatu zutela argudiatuta, uler zitekeen prozedura irekitzea, baina zer zentzu du bi urte eta erdi beranduago ahate hazle horien kontrako epaiketa egiteak?», galdetzen du Anne Marie Mendiburu abokatuak.