NAIZ

Atxilotu berri bat dago, Grosen errenteriar baten heriotzarekin ustez lotua

Igandean Donostiako Mirakruz kalearen ondoan Jose Luis Lancha errenteriarra hilik utzi zuen erasoa dela-eta, bigarren pertsona bat atxilotu dute ostiral honetan, egilea izan daitekeelakoan. Lehena aske gelditu zen, kargurik gabe, epaileak hala erabakita.

Lancharen senide bat, Errenteriako alkatea eta Carrere zinegotziarekin hizketan. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)
Lancharen senide bat, Errenteriako alkatea eta Carrere zinegotziarekin hizketan. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Argitzeke segitzen du pasa den igandean goizean Donostiako Gros auzoan gertatutakoak. Bertan ezezagun baten partetik erasoa jasan zuen Jose Luis Lancha Errenteriako bizilagunak, 61 urtekoak, hondartzara zihoalarik, eta eraso horren ondorioz edo kalera erortzean hartu zuen kolpeagatik hil zen hurrengo egunean.

Asteazkean susmagarritzat jotzen zuten 40 urteko gizon bat atxilotu zuten Donostiako Parte Zaharrean, baina lekukoek ez zuten identifikatu eta aske uztea erabaki zuen epaileak. Orain bigarren atxiloketa bat dago, gaur ostiralean egina.

Donostiako Udaltzaingoak burutu du, Udalak jakitera eman duenez. Ikerketa Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren artean ari dira aurrera eramaten. Arratsaldeko lehen orduan udal komisaldegian zen atxilotua, egunean zehar auzitegira eramateko asmoz. Ez da pertsona honi buruzko inolako daturik eman.

Lancharen senideek ikerketa Ertzaintzaren eskuetan gelditzea eskatu dute, bere eremua handiagoa izanik eta baliabide gehiago dituztela-eta, lana eraginkorragoa izan daitekeelakoan. Justizia egitea aldarrikatu dute. Asteazkenean Alderdi Ederren eginiko elkarretaratzean adierazi zutenez, buruhezurra hautsita zuen gizonak eta ondorioz kolpe oso gogorra jasan zuela da beren susmo nagusia, baina heriotzaren arrazoi zehatza ez da momentuz ofizialki jakinarazi.