Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI siglez ezagunagoa denak), datorren denboraldiko lasterketen egutegiaren berri eman du Suitzako Lavey-kes Bains hirian bildu ostean.
Hala, ezagunak dira jada euskal txirrindularitzako egutegian garrantzitsuenak diren bi proben datak. 2020ko apirilaren 6tik 11ra lehiatuko da Euskal Herriko Itzulia; Donostiako Klasikoa, aldiz, uztailaren 25ean jokatuko da.
2020ko uztailaren 24tik abuztuaren 9ra Tokion jokatuko diren Olinpiar Jokoak direla eta, aldaketa batzuk eman dira World Tour egutegian, hiru asteko probei eragiten dietenak. Zentzu horretan, maiatzaren 9an abiatuko da Giroa, ekainaren 27an Tourra eta abuztuaren 14an Vuelta.
Urtero legez, Australian hasiko da World Tour zirkuitua, urtarrilaren 21etik 26ra jokatuko den Tour Down Under itzuliarekin, eta Txinan amaituko da, urriaren 15etik 20ra izango den Guangxiko Gree-Tour lasterketarekin.
Bilbao, Izagirre eta Fraile, Tourrera Astanarekin
Gutxienez hiru euskal txirrindulari arituko dira datorren uztailaren 6an Bruselan abiatuko den Tourrean, Pello Bilbao, Gorka Izagirre eta Omar Fraile itzulia lehiatzeko hautatu baititu Astana taldeak.
Dauphine irabazi berri duen Jakob Fuglsang danimarkarrarekin lehiatu asmo du taldeak Tourra, eta hari laguntzeko ardura izango dute hiru euskal txirrindulariek.
Luis Leon Sanchez, Alexey Lutsenko, Magnus Cort eta Hugo Houlek osatuko dute taldea.