naiz

Alarde parekidea «esplizituki» babesteko eskatu dio Arartekoak Irungo Udalari

Irungo alarde parekidea oraindik ekitaldi publikoa ez bada ere, Arartekoak Irungo Udalari «protagonismo eraginkorra» izatea eta hau «esplizituki babestu eta defendatzea» eskatu dio. Era berean, Emakundek Udalbatza berriari legealdi berria «elkarrizketa bultzatzeko» eskatu dio.

Alarde parekidea, Irungo kaleetan. (Jon URBE/FOKU)
Alarde parekidea, Irungo kaleetan. (Jon URBE/FOKU)

Ararteko erakundeak Irungo gizarteari eta botere publikoei «emakumeek alardean berdintasunez parte hartzeko oztopoak kentzeko ahaleginean jarrai dezaten» eskatu die. «Horixe da Irungo biztanleek gehien maite duten jaia, eta herritar guztien ondarea izan beharko luke. Gaur egun alarde parekidea dagoeneko ekitaldi publikoa ez bada ere, Irungo Udalak protagonismo eraginkorra bereganatu beharko luke alarde parekidea esplizituki babesten eta defendatzen», adierazi du ohar baten bidez.

Hala, jai orotan emakume eta gizonen arteko berdintasunaren beharra nabarmendu du. «Argi eta garbi defendatu behar da gizarte benetan parekidea eta erakunde publiko guztiek, baita gizarte-sareek ere, apustu egin behar dute emakumeen partaidetzazko protagonismoaren eta erabateko herritartasunaren alde, gizonekin alderatuta emakumeak bazter uzten dituzten kultura eta gizarte-inertzien kontra», gehitu dute.

Zentzu horretan, Arartekoarentzat «bereziki garrantzitsua» da erakunde publiko guztiek «eraginkortasunez eta erabakitasunez esku hartzea» EAEn emakumeentzat zein gizonentzat jai parekideak sustatzen.

Azpimarratu dutenez, jomuga horrekin Irungo alarde parekidean izango da Ararteko erakundea, Julia Hernández Valles ordezkari duela, «jaietan parte hartzean berdintasuna hezurmamitzen urtero ahalegintzen diren emakume eta gizonei laguntzen eta babesa ematen».

Emakunde: «Gizartea inoiz baino indar gehiagorekin aldarrikatzen ari da berdintasuna»

Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendaria, Irunen izanen da ere igandean, Alarde Mistoari babesa emateko. «Irungo Udalbatza berriak datozen lau urteak elkarrizketa bultzatzeko aprobetxatuko dituela espero dut, kontuan izanda, bereziki, gure gizartea inoiz baino indar gehiagorekin aldarrikatzen ari dela gaur egun emakume eta gizonen arteko berdintasuna», adierazi du ohar baten bidez. 

Landaidaren esanetan, «funtsezkoa» da alardearekin zerikusia duten eragileek eta udaleko talde guztiek aldaketa horretan «lidergoa, hiritarren babesarekin» eramatea. «Elkarrizketa da bide eraginkorrena errespetuan eta berdintasunean aurrerapausoak emateko».

Landaidak azpimarratu du, halaber, gero eta herri gehiago direla herritarren laguntzarekin euren tradizioak aberastu dituztenak emakume eta gizonen berdintasuna bermatuz. Emakunderen ustetan tradizioak «herrien giza kohesiorako funtsezko elementuak» dira, «baina eboluzionatu egin behar dute garai berrietara egokitzeko».

«Berdintasuna balore soziala eta demokraziaren oinarrizko ardatza da, eta erakunde publikoek oztopoak gainditu eta beharrezkoak diren neurriak bultzatzeko obligazioa dutela emakumeek ospakizun honetan parte hartu ahal izan dezaten gizonek dituzten baldintza berberekin», azpimarratu dute.