NAIZ
BAIONA

Euskara biziberritzeko ekintzak antolatuko ditu Euskaltzaindiak Baionan

Euskaltzaindiak eta Baionako Herriko Etxeak 2019ko lankidetza-hitzarmena sinatu dute. Akordioaren ondorioz, mendeurreneko ospakizunen kari sortutako ikuskizunak ikusi ahalko dira hirian: ‘Mende berria kantuz’ kontzertua, ‘Ghero’ antzezlana eta ‘Biz´Hitza’ dantza ikuskizuna.

Jean Renè Etchegaray Baionako auzapeza eta Andres Urrutia euskaltzainburua. (EUSKALTZAINDIA)
Jean Renè Etchegaray Baionako auzapeza eta Andres Urrutia euskaltzainburua. (EUSKALTZAINDIA)

Lankidetza-hitzarmena sinatu dute Baionako Herriko Etxeak eta Euskaltzaindiak. Jean René Etchegaray auzapezak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak izenpetu duten hitzarmenaren xedea Baionako Udalaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetzaren oinarriak ezartzea da, bi erakundeek euskararen eta euskal kulturaren garapenerako dauzkaten helburuak elkarlanean burura ditzaten.

Bi aldeek urtero hartzen dituzten engaiamendu zehatzak urte hasieran finkatzen dituzte. 2019. urtekoari dagokionez, Euskaltzaindiaren Hiztegi Etimologikoaren aurkezpena eta ‘Erlea’ literatura aldizkariaren aurkezpena dira izenpetutako ardurak eta zereginak. Gainera, Euskaltzaindiaren mendeurrenaren karietara ospakizunen jarraikian ‘Ghero’ antzezlanaren emanaldiaren antolaketa, Michel Portal antzokian, ‘Mende berria kantuz’ abesbatza emanaldiaren antolaketa eta ‘Biz’Hitza’ dantza emanaldiaren antolaketa egitea adostu dute.

Horrez gain, Euskaltzaindiak ohiko lanak hartuko ditu bere gain, hau da, Baionako Herriko Etxeari eta biztanleei laguntza eta aholku ematea, euskararen normalizazioan, garapenean eta gizarteratzean.

Horren harira, Herriko Etxeak eskatzen dion hizkuntza aholkularitza emango du, bereziki toponimoen grafia zuzena finkatzeko. Euskararen estatusari buruzko aholkularitza eta lanak ere antolatuko dituzte, bereziki, jardunaldiak, bilkurak, aurkezpenak eta abar, euskararen aurrerapenerako xedea aintzat harturik.

Bere aldetik, Baionako Herriko Etxeak ondoko engaiamenduak hartzen ditu: Orain arte bezala, Euskaltzaindiko Iparraldeko ordezkaritzari bere babesa emango dio, Gaztelu Berriko egoitza Akademiaren esku utziz; Euskaltzaindiari noizbaiteko beharren arabera sostengu logistikoa ekarriko dio ere, bere bilkuren edo ekitaldi berezien antolatzeko (gelak edo materiala...), euskararen eta euskal kulturaren inguruan Baionako Herriko Etxeak antolatzen dituen gertakarietan Euskaltzaindiaren presentzia agerian izan dadin.

Euskaltzaindiak garatzen dituen jarduerak diruztatzeko, urtero ematen dion diru-laguntzaren bitartez, eta beharrezkoa balitz, aitzinetik bi parteen artean zedarriztatuak izanen diren proiektu berezituagoen lagundutzeko.

Andres Urrutia euskaltzainburuak hitzarmen honek «Euskaltzaindiak eta Baionako Herriko Etxeak euskararen sustapenerako hartu dituzten bideak eta lan-ildoak» berresten dituela adierazi du.