NAIZ
Bartzelona

Elkarbizitzaren aldeko deia egin dute indarkeria ezberdinetako biktimek Bartzelonatik

Bartzelonako Kazetarien Elkargoan gaur arratsaldean egindako saioan ETAren eta Estatu espainoleko indarkeriaren lau biktimek hartu dute parte eta elkarri entzuteko eta beste biktimen errealitatea ezagutzeko beharra azpimarratu dute hizlari guztiek. Astelehenean Kataluniako Parlamenta bisitatu zuten, alderdi katalanekin elkartzeko

Bartzelonako Kazetarien Elkargoak jaso du mahai-ingurua.(Foro Soziala)
Bartzelonako Kazetarien Elkargoak jaso du mahai-ingurua.(Foro Soziala)

Robert Manrique, Rosa Lluch, Axun Lasa eta Andoni Txasko izan dira Bartzelonako Kazetarien Elkargoan hitza hartu duten indarkeria ezberdinetako biktimak. Aurreneko biak ETAren biktima kataluniarrak dira eta beste biak, Estatu espainoleko indarkeriarenak. Saioaren moderatzailea Kristian Herbolzheimer izan da, Institut Catalá Internacional per la Pau-ko zuzendaria.

Elkarri entzuteko eta beste biktimen errealitatea ezagutzeko beharra azpimarratzeaz batera, euskal gatazkaren ondorioak gainditzeko eta elkarbizitzaren eraikuntzan saio hauek jokatzen duten papera goraipatu dute.

Biktima bakoitzak bere esperientzia azaldu du segidan eta Axun Lasaren hitzetan, «Glencreen zerbaiten kontra egoteari utzi nion, eta gauza askoren alde egoten hasi nintzen, horrek ez gaituelako inora eramaten. Besteari entzuteak mina sor dezake, baina azkenean lortzen duzu bestea ulertzea. Beste biktimekin egoteak asko betetzen nau». Lasak adierazi du Bartzelonan igarotako egunetan entzuna sentitu dela eta horrek aurrera jarraitzeko, mina eta sufrimendua kudeatzen, indarra ematen diola.

Robert Manriquek, bere aldetik, gogorarazi du ETAren biktimez gain beste asko daudela, adibidez «Estatuaren delituzko ekintzen biktimak» eta eskubide berdinen jabe izan arren, hauek aitortuak ez direla ohartarazi du. Manriqueren ustetan, «xede berriro ez gertatzea da» eta gaineratu du 2016an Kazetarien Elkargoan bertan euskal alderdi politikoen arteko mahai-ingurua gidatu zuela, PP barne, eta ez duela ulertzen nola orain ezin den horrelakorik egin.

Esperientzia «askatzailea»

Andoni Txaskok 1976ko martxoaren 3an Gasteizen gertatutakoa azaldu ondoren adiera du «egun hauetan bizitakoak estereotipoak aldatu» dizkiola, bere «kasuistika pertsonaletik» atera dela, beste biktimengana hurbildu dela eta hori «askatzailea izan dela, «Servini epailearen aurrean deklaratzea izan zen moduan».

Azkenik, Rosa Lluchek oso positiboki baloratu du azken 24 orduotan bizitakoa, indarkeria mota ezberdinetako biktimak elkar egon direlako, «atzo Parlamentean, gaur bazkari luze batean eta orain saio publiko honetan. Elkarri entzun diogu, ikusten dugu nola gure minen eta sufrimenduen artean antzekotasunak dauden». Gaineratu du bera historialaria dela eta badakiela «kontakizuna egiteko denbora asko» behar dela eta orain «presaz gabiltzala» dirudien arren, ezinezkoa dela: «Datuak ateratzen joan behar da eta bukaeran kontakizun askoren kontakizun bat izango dugu».