Naiz
Tolosa

Gipuzkoako papergintzak bosgarren greba eguna egin du eta grafikagintzak, hirugarrena

Gipuzkoako papergintza eta grafikagintzako sektoreetako langileek greba eguna izan dute eta LABen arabera jarraipena «masiboa» izan da. Papergintzakoen bosgarren greba jardunaldia izan da eta hirugarrena, grafikagintzakoena.

Papergintza eta grafikagintzako langileek Tolosan egin dute manifestazioa.(Andoni CANELLADA / FOKU)
Papergintza eta grafikagintzako langileek Tolosan egin dute manifestazioa.(Andoni CANELLADA / FOKU)

Gipuzkoako papergintzaren kasuan ekoizpena erabat geldirik egon da bere bosgarren greba egunean, LABek jakinarazi duenez. Eta grafikagintzan ere, hirugarren greba eguneko jarraipena «oso altua» izan dela adierazi du, egun guztian lantegia guztiz itxia izan baitute hamahiru enpresa baino gehiagok: «SAM, Corenso, Arrosi, Borobil, Tubopack, Cicarsa, Leitzaran, Nueva Editorial, Mayensa, Cartonajes Arregi, Araxes, Otzarreta, Goiherri eta abar luze batek».

«Gaurko egunean berriro ere bi sektoreetako langileek erantzun bikaina eman dute Adegiren jarrera inmobilista eta arduragabekeriaren aurrean», ziurtatu du, greba jardunaldi berri honekin langileek beraien lan baldintzak «defendatzeko prest daudela» agertu dutelako.

Bi sektoreetako langileek manifestazioa egin dute Tolosako kaleetan eta LABek Ertzaintzaren «jarrera bortitza» gaitzetsi nahi izan du ohar baten bitartez. Bertan azaldu duen legez, «ez du pikete informatiboen lana aurrera eramaten utzi hainbat lekutan eta ez zaie piketeei asanbladak antolatzen utzi langileei grebaren arrazoiaz informatzeko».

Ostegunean, hilak 4, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean mobilizatuko dira. 11.00tan hasiko dute protesta grafikagintzako langileek eta 12.00etan mobilizatuko dira papergintzako beharginak. Hamasei greba egun deitu zituzten papergintzaren sektorean eta zortzi, grafikagintzan.