Maider IANTZI

Gipuzkoako egoitzetan 80 egun bete dituzte greban, eta kanpaldia hasi dute

Txupinazo alai batekin ekin diote, kamiseta moreak jantzita, makina bat emakumek hiru eguneko egitarau oparoari, egoera benetan gogor bati kementsu helduz. Gipuzkoako zahar etxeetako langileak dira, 5.000 lagun baino gehiagok osatutako kolektiboa, herriz herri sakabanatua, normalean herrien kanpoaldean, jendearen begiradatik urrun dauden egoitzetan.

Gipuzkoako egoitzetako langileak solasean, Donostiako kanpaldian. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Gipuzkoako egoitzetako langileak solasean, Donostiako kanpaldian. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

«PNV, por la pasta», «gora, gora, gora, emakumeen borroka», «ellos solomillo, los abuelos picadillo», eta halako leloak aho batez oihukatuz atera dute talde argazkia kanpaldian dauden Gipuzkoako zahar etxeetako langileek. 80. eguna dute greban eta fisikoki zein psikologikoki luzea eta gogorra da borroka, bai eurentzat, bai adinekoentzat eta bai bien familientzat. Baina argi dute jarraitu beharra dutela.

Ikusten dute zenbat luzatzen ari diren grebak, bereziki emakumez osatutako sektoreetan. Adibidez, ekainean, toki berean, Donostiako Bulebarren, kanpaldian egon ziren epaitegi eta komisarietako langileek 9 hilabeteko grebaren ondotik lortu zuten akordioa. Adinekoen egoitzetako 5.000 langiletik gorako kolektiboak badaki «ez dela kasualitatea» greba hauek mugagabe luzatzea. «Lanaren sexu banaketa eta emakumeen lana ez baloratzea izan dira sistema heteropatriarkal perbertso honi eusteko jendartearen oinarria», adierazi dute gaur goizeko prentsaurrekoan.

Eskua luzaturik, laugarrenez

Gaur, egunerokoan Gipuzkoako hainbat herriren kanpoaldean bakarturik lan egiten duten emakumeak Donostiaren erdigunean elkartu dira, jendeari euren egoera latza zuzenean azaltzeko. Laugarrenez luzatu diete eskua Markel Olano eta Maite Peñaren Gobernuari.

Kritikatu dutenez, hiru aldiz jokatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak «arduragabe». Azkena, eta larriena, joan den ekainaren 12an, gatazka konpontze bidean sindikatu eta patronalekin bilera deitu eta Aldundia agertu ez zenekoa izan zen.

Sektorean gehiengoa duen ELAk eta patronalek lortutako akordioa betetzeak gatazka konponduko zuela ohartarazi dute langileek. Azaldu dutenez, 6.000 euroko soldata arrakala dute gizonek osatutako kale garbitzaileen sektorearekin alderatuz. Lan bera egiten duten Aldundiko langileek baino dezente gutxiago kobratzen dute, gainera, Aldundiak azpikontratatutako enpresa pribatuetakoek. Gehienak enpresa pribatuentzat ari dira lanean.

Soldata arrakala bukatzea garrantzitsua da baina gatazka ez da diru kontua bakarrik. Ordiziako zahar etxeko Ana Mertxan langileak adierazi duenez, lan baldintza hagitz prekarioetan ari dira. Ordu eta erdiko arreta zuzena ematen ahal diote soilik egunean egoiliar bakoitzari eta hori ikaragarri gutxi da jaikitzeko, garbitzeko, gosaltzeko, bazkaltzeko, afaltzeko...

«Ahateei bezala» eman behar izaten diete jaten, plastikozko ontzietan edaten dute, toallatxo hotzekin garbitu dituzte neguan... Kontuan hartu behar da, gainera, adinekoen egoera kognitibo eta fisikoa orain dela 22 urte, Mertxan lanean hasi zenean baino okerragoa dela. Adinekoen eta langileen kopurua bera da, baina adinekoen egoera desberdina da. Lehen lau lagun bazeuden jantokian gurpildun aulkian, orain lau dira oinez ibil daitezkeenak, agertu du adibide bezala.