NAIZ+

Zarauztarren ihes egitea ekiditeko, ‘Toldotik at! Elkartasun Udara' antolatu dute

Zarauztik ihes egiteko tentazioari aurre egiteko, ‘Toldotik at! Elkartasun Udara' prestatu dute Danda gazte asanbladak eta Gerizak. 

Zarauzko hondartza. (Gorka RUBIO/FOKU)
Zarauzko hondartza. (Gorka RUBIO/FOKU)

Zarauztik ihes egiteko tentazioari aurre egiteko, ‘Toldotik at! Elkartasun Udara' prestatu dute Danda gazte asanbladak eta Gerizak. Eztabaidarako, jarduera kulturaletarako eta «harremanak izateko beste modu bat» bultzatuko dituzten espazioak sortzea da egitasmoaren asmoa. Besteak beste, jantoki sozialak, zineforumak, eztabaidak edota irteerak antolatu dituzte.

Danda Gazte Asanbladak eta Gerizaren ustez, Zarautzen udarak «uzten duen bakarra lana, parrandako desfasea eta herritik ihes egitea da». Hortaz, panorama ilun honi aurre egiteko asmoz ondu dute uztaila eta abuztu osoan zehar garatuko duten egitarau zabala.

Bi eragile hauen iritziz, «lana, hondartza eta parranda» ardatz dituen errealitateak «esplotazioa, kontsumoa eta desfasea ditu ezkutuko oinarri». Haatik, «zurrunbilo» horretatik irteteko asmoz prestatu dute elkartasun udara.

«Elkarren arteko harremanak estutzeko eta elkartasunean sakontzeko espazio» modura abiatuko dituzte jantoki sozialak, «behar eta nahi duen ororentzat». Afalosteetan,ostera, egitasmo kulturalen txanda izango da; zineforumak, ikuskizunak edota kontzertuak, esaterako.

Astelehenero Putzuzulok eztabaida saioak hartuko ditu, «aurrerantzean proiektu berriak martxan jartzeko lagungarri» izan nahi dute saio hauek. Elkartasuna edota zaintza izango dituzte hizpide horietan. Irteerak ere iragarri dituzte Danda eta Gerizako kideek, «elkartasunean oinarritzen diren proiektuak ezagutzeko». Hala nola, Azpeitiko Esklabak eraikinean hainbat gaztek abiatu duten proiektua ezagutuko dute uztaileko txango batean.

Momentuz, uztaileko egitaraua jakinarazi dute. Abuztuan ere izango da hilabete osoko egitaraua.


Uztailak 3, asteazkena 20.00. Jantoki soziala, Putzuzulon

Uztailak 8, astelehena 18.30. Eztabaida: Elkartasuna I, Putzuzulon

Uztailak 10, asteazkena 21.00. Jantoki soziala, Frontoi Txikin 22:00. Zineforuma: Derlan, motor hotsak Zarautzen, Frontoi Txikin

Uztailak 11, osteguna 15.00. Bizikleta konponketa tailerra, Putzuzulon

Uztailak 14, igandea 12.00. Irteera, Azpeitiko Esklabak eraikinera

Uztailak 15, astelehena 18.30. Eztabaida: Elkartasuna II, Putzuzulon

Uztailak 17, asteazkena 21.00. Jantoki soziala, Putzuzulon 22:00. Antzezlana: Lapurretak, Putzuzulon

Uztailak 22, astelehena 18.30. Eztabaida: Zaintza I, Putzuzulon

Uztailak 24, asteazkena 21.00. Jantoki soziala, Frontoi Txikin 22:00. Zineforuma

Uztailak 29, astelehena 18.30. Eztabaida: Zaintza II, Putzuzulon