Galiziako ontzi topaketa ibiltariak A Guardan, Pontevedran, du geldialdia aurten. Ostegunean hasi zen eta igandean amaituko den ekitaldi honetan, euskal itsas kultura aurkezten ari da Albaola eta, horren barrenean, Pasaia Itsas Festibala, 2020ko maiatzaren 28tik ekainaren 1era izango dena.
Aurreko urteko Itsas Festibalean galiziarrak izan ziren ohorezko gonbidatuak, eta orain bisita itzuli diete Albaolakoek. Lurrean, stand bat eta sokagintza makina jarri dituzte, San Juan baleontziaren sokak egingo dituena. Euskal Herriko azken sokagintza makinaren erreplika bat da, 'Aprendiztegi, Lance Lee Nazioarteko Ontzigintza Eskolak' Hondarribian egina. Datorren ikasturterako sei aprendiz berri hartuko ditu eskolak.
Itsasoan, aldiz, 'Arditurri' XIX. mendeko potina eta 'Ameriketatik' euskal diasporaren diru-laguntzarekin eratutako trainerua dira protagonistak. Horietan, Albaolako 26 bolondres eta lagun galiziarrak ari dira arraunean elkarrekin.
Danny Sheehy poetari omenaldia
2017an Miño ibaiaren bokalean, Naomh Gobnait ontzi tradizionalean hil zen Danny Sheehy poeta irlandarrari omenaldia egin zioten atzo arraunak altxatuz eta isiltasunean egonez, Albaolaren lagun ona zenaren memoriari errespetua eta estima erakutsiz.