naiz
Bilbo

70 eragilek egin dute bat G7aren gailurraren aurkako kanpainarekin

Sindikatu, alderdi politiko eta eragileek (guztira 70) G7 Ez! Euskal Herritk beste mundu bat sortzen plataformak antolatutako atxikimendu kanpainarekin bat egin dute. Abuztuaren 21etik 23ra egingo diren jardunaldietan parte-hartuko dute eta 24ko mobilizazioan ere izanen dira.

70 eragileren babesa aurkeztu du G7aren gailurraren aurkako plataformak. (G7 EZ!)
70 eragileren babesa aurkeztu du G7aren gailurraren aurkako plataformak. (G7 EZ!)

G7 Ez! Euskal Herritk beste mundu bat sortzen plataformak, abuztuan Biarritzen eginen den gailurarren harira, atxikimendu kanpainaren berri eman du gaur Bilbon. Bertan jakinarazi dutenez, 70 eragilek egin dute bat dagoeneko dinamikarekin. Besteak beste, LAB, ELA, HIRU, CGT, ESK, Steilas eta Etxalde sindikatuak, Sortu, Podemos, EPK, EH Bildu, Antikapitalistak eta Ezker Anitza alderdiak eta Ongi Etorri Errefuxiatuak, Satorralaia, Berri Otxoak, Ekologistak Martxan, Salhaketa, Errekaleor Bizirik, Eragin, Ernai edo Askekintza bezalako hainbat eragilek.

«Zazpi potentziek mundua hondamendira eramateko izan dezaketen gaitasunaren aurrean, langileon, eta oro har, herriaren potentzialitatea jartzen dugu parez pare bizitza zein natura erdigunean izango dituen eredu berri baterako bidea elkarrekin egiteko», adierazi dute gaurko agerraldian.

Biarritzen hartuko diren erabakiak «herritar eta herri askorengan» izango dutela eragina nabarmendu dute. «Ez dute inolako zilegitasunik», defendatu dute. Hori dela-eta, G7aren «izaera antidemokratikoa» salatu dute. «Salaketa hau, euskal herriko eragile zein herritarrok, kanpotik etorriko direnekin batera egin nahi dugu, bide baketsuak soilik erabiliz», azpimarratu dute eta «alternatibak badaudela» berretsi.

Hala, abuztuaren 21etik 23ra egingo diren jardunaldietan parte-hartuko dute eta 24an Irun eta Hendaia artean eginen den mobilizazioan ere izanen dira. «Lan harreman eta babes sozialerako euskal esparrua aldarrikatzen dugu», nabarmendu dute.