Lapurdin sartu da gaur EuskarAbentura 2019 espedizioa. Goizean goiz abiatu dira gazteak Irundik, eta 10.00etan heldu dira Hendaiako Abbadia Jauregira. Bisitaren ostean, Zibururantz segitu dute bidean aurrera bertan bazkaltzeko eta arratsaldea, ordea, lasai antzean pasatu dute Donibane Lohitzuneko hondartzan. Egunari amaiera emateko, soziolinguistika saioa egin dute Eneko Gorrirekin batera, Lapurdiko egoeraz mintzatzeko.
Gazteak Lapurdiko kostaldean barrena ibiliko dira Gipuzkoako kostaldea zeharkatu ondoren. Atzokoa «espedizio osoko luze eta maldatsuenetakoa izan zen», Hernanitik Irunera joan ziren, guztira 25 kilometro. «Luxu hutsa izan zen ibilbidea Jakoba Errekondo agronomo eta paisajistaren konpainian osatzea, eta bidean basoak nahiz baratzeak ikusi ahala hauek berarekin aztertu zein interpretatu ahal izatea», azaldu dute ohar batean antolatzaileek.
Oiartzungo Gurutze auzoan bazkaldu ostean, Irunera heldu zen espedizio-taldea, etapako 25 kilometroak beteta. Arratsaldean Gorka Moreno EHU-ko soziologia irakaslea eta Ikuspegi Inmigrazioaren Euskal Behatokiko kidearekin solasaldia izan zuten. Inmigrazioaren inguruko mintegia borobiltzeko, Steffi (Honduras), Claudia (Honduras), Clotaire (Kamerun) eta Ibrahim (Boli Kosta) batu ziren, eta euren bizitza-istorioak partekatu zituzten espedizioko gazteekin. Laurak migratzaile ekonomikoak dira eta Euskal Herrian bizi dira orain.
Euskal Herriko zazpi lurraldeetako nahiz diasporako 16-17 urte bitarteko 120 neska-mutil euskal geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzera eramango dituen oinezko espedizioa da EuskarAbentura. Uztailaren 1ean atera zen Mauletik eta hilaren 31n iritsiko da Getxora. 31 etapa osatuko dituzte, 783 kilometro orotara, horietarik 483 oinez.