naiz

Munduko Sindikatuen Federazioak elkartasuna adierazi die epaituak izanen diren 47 euskal herritarrei

Irailetik aurrera espainiar Auzitegi Nazionalean epaituak izanen diren 47 euskal herritarrek Munduko Sindikatuen Federazioaren babesa jaso dute gaurkoan. «Euskal Herriko herri eta langile-klasearekin, beste behin estatu burgesaren jazarpenari aurre egin behar dietenekin», adierazi dute ohar baten bidez. «Modu tinkoan» salatu dute «espainiar Estatuaren errepresioa»

Munduko Sindikatuen Federazioak, bost kontinenteetan 97 milioi langile ordezkatzen dituen
munduko langileriaren klase-erakundeak, bere elkartasuna adierazi du «Euskal Herriko herri eta langile-klasearekin, beste behin estatu burgesaren jazarpenari aurre egin behar dietenekin».

Ohar baten bidez, gogora ekarri du oraingoan 47 euskal herritar izanen direla irailean espainiar Auzitegin Nazionalean epaituak izanen direnak, eta guztira fiskalaren 601 urtetako kartzela zigor eskariari aurre egin behar diotela.

«Munduko Sindikatuen Federazioak, printzipioen adierazpen moduan, beti egon da Euskal Herriaren ondoan, bere kabuz oraina zein etorkizuna erabakitzeko eskubide besterezinagatik, kanpoko eskuhartze eta injerentziarik gabe», defendatu dute.

Honen aurrean, «modu tinkoan» salatu dute «espainiar Estatuaren errepresioa». «Munduko Sindikatuen Federazioaren familia handia euskal preso politikoekiko elkartasunean berresten gara, Munduko Sindikatuaren Federazioaren posizio tinkoa berretsiz inor bere ideia politikoengatik jarraitua izan behar ez denaren inguruan».