Asier AIESTARAN

Egan Bernal lider jarri da ustekabean moztu behar izan duten etaparen ostean

Iseran eta Tignes arteko errepidea moztuta geratu da txingorra eta lurjausi baten erruz. Iseran gaineko denborak hartu dira kontuan eta etapa garaipena hutsik geratu den arren, Egan Bernal da lider berria, Alaphilippe bi minutura zegoelako une horretan. [Zuzeneko jarraipena eta sailkapenak]

Egan Bernalek erakustaldia eman du Iseran mendatean gora (Marco BERTORELLO / AFP)
Egan Bernalek erakustaldia eman du Iseran mendatean gora (Marco BERTORELLO / AFP)

Egan Bernal da Tourreko lider berria Tourreko 19. etapan irabazle izan ostean. Etapa, ordea, uste baino lehenago amaitu behar izan dute antolatzaileek, Iseran eta Tignes arteko errepidean lurjausi bat izan delako.

Erabakia Iseran mendate gaineko denborak kontuan hartzea izan da, eta une horretan kolonbiarrak minutu bateko aldea ateratzen zion Geraint Thomas, Steven Kruijswijk, Emanuel Buchmann eta Mikel Landaren taldetxoari, eta bi minutukoa Julian Alaphilippe liderrari.

Horri esker, Bernalek 48 segundoko aldea du sailkapen nagusian Alaphilippekiko eta 1:16koa Geraint Thomas bere taldekidearekiko. Eta podio postuetan sartzeko aukerak dituzte Kruijswiijkek, 1:28ra, Buchmannek, 1:55era.

Inoiz ez dugu jakingo zer gerta zitekeen Tigneseko azken igoeran, baina Iseran mendatean gora, Tourreko garaiena bere 2.770 metroekin, Egan Bernal sekulako erakustaldia ematen ari zen. Sei bat kilometroren faltan jo du erasoa Ineos taldeko kolonbiarrak eta lasterketa buruan igaro da mendate gainetik Simon Yates ingelesarekin batera.

Atzean, Alaphilippe asko sufritzen ikusi dugu, eta pentsatzekoa da azken mendatean are denbora gehiago galdu zezakeela frantziarrak. Zentzu horretan, zorte ona izan duela esan liteke eta bigarren postuan helduko da mendiko azken etapara: 130 kilometro bihar Albertville eta Val Thorens artean.

Eguneko beste albistea Thibaut Pinot frantziarrak eman du. Groupamakoak azken egunetan giharretako arazoak izan omen ditu, eta gaur bizikletatik jaitsi egin behar izan du minez. Negar malkotan, sailkapen nagusiko bosgarren txirrindulariak agur esan dio Tourrari, lasterketa beste faborito argi bat gabe utziz.

Hori dena oilarren tropeltxoan gertatu da, eta baliorik gabe utzi du eguneko ihesaldia, inoiz alde handirik lortu ez duena, gainera. Pello Bilbao eta Gorka Izagirre sartu dira, beste txirrindulari hauekin batera: Van Baarle (Ineos), Konrad (Bora), Gallopin (AG2R), Nibali eta Caruso (Bahrain), Reichenbach (Groupama), Valverde eta Amador (Movistar), Lutsenko (Astana), De Plus (Jumbo), Uran, Bettiol eta Woods (EF), Simon Yates (Mitchelton), Dan Martin eta Aru (UAE), Ciccone (Trek), Matthews (Sunweb), Herrada (Cofidis), Guillaume Martin (Wanty), Barguil eta Gesbert (Arkea).