Ion SALGADO
GASTEIZ

Azken urteetan Gasteizko Txosnen antolakuntzaz arduratu direnek jasoko dute Txosnisaria

Azken urteetan txosnen antolakuntzaz arduratu den lantaldeak erreleboa ematea erabaki du, eta egindako lana eskertzeko Txosnisaria emango diote Gasteizko Txosnek.

Gaurko agerraldiaren argazkia. (GASTEIZKO TXOSNAK)
Gaurko agerraldiaren argazkia. (GASTEIZKO TXOSNAK)

Gasteizko Txosnen ordezkariek aurtengo Txosnisaria «berezia» dela iragarri dute, izan ere azken urteetan txosnen antolakuntzaz arduratu den lantaldeak erreleboa ematea erabaki du, «eta beraiei emango diegu saria». «Gaur aurkezten dugun egitarauaren prestakuntzak eskatzen duen lan handia errekonozitu nahi genuke omenaldi txiki honekin. Eskerrik asko eta zorionak!», adierazi dute Asier Lorenzok eta Irune Tobajasek EHUren campusean izandako agerraldian.

Bertan ohartarazi dute aurten Zeledonen jaitsiera iragartzen duen txupinazoaren zain egon gabe, Gasteizko jaiei ostiral honetan, abuztuaren 2an, emango dietela hasiera. «Ostiralean beraz, urteroko irekiera ekitaldira kalejiran joango gara 20.30ean Andra Mari Zuriaren enparantzatik abiatuta, eta Txosna gunera iritsitakoan, irekiera ekitaldiaren baitan, Txosnisariaren banaketa izango da», adierazi dute. Ondoren Aldakan Beltz, Su Ta Gar eta Eraturen kontzertuak hasiko dira.

Egitarau orokorrari dagokionez, urtero bezala, egun bakoitzak izaera berezia izango duela adierazi dute, «herri mugimenduaren aniztasunaren isla». Hala, abuztuaren 3a Entxosnazio Eguna izango da, abuztuaren 5a Elkartasun Eguna, abuztuaren 6a, Egun Feminista, abuztuaren 7a, Gazte eguna, eta azkenik, abuztuaren 8a, ikasle eguna. Eta txosnetan parte hartzen duten kolektiboak ezagutarazi asmoz, aurten joko berri bat jarriko dutela martxan esan dute, ‘Gasteizko herri mugimenduaren pasaportea’, hain zuzen ere. «Jolas honen bitartez, erromes txosneroak Alde Zaharra eta txosnagunearen artean mugimenduan jartzeko asmoa dugu».

Mugimendu feministaren protokoloa

Gasteizko Txosna Batzordeak bere egiten du Gasteizko Mugimendu Feministaren eraso sexisten aurkako protokoloa eta, eraso horien aurrean, autodefentsarako deia egiten die emakume guztiei eta, oro har, jendarte osoari, jai gunean gerta litekeen edozein erasoren aurrean batera erantzuteko. «Protokoloa aktibatzeko mekanismoak prest ditugu, eta ez dugu zalantzarik izango hori abiarazteko. Hala, erasotzaileei mezu bat helarazi nahi diegu: ez dira ongietorriak txosnen gunera eta edozein erasoren aurrean txosna-batzorde osoa izango dute aurrez aurre, gunetik kanporatzeko. Gasteizko jendarteari dei egiten diogu, erasorik pairatu edo ikusiz gero, Gasteizko Mugimendu Feministaren telefonora jotzeko: 688 744 411».

Bestetik, ingurumenari dagozkion gaietan Gasteizko Txosnak ardura gehiago hartzen ari direla azpimarratu dute. «Urteak dira edalontzi berrerabilgarriekiko apustua egiten dugula eta Goienerrek hornitzen gaituela. Bigarren urtez, zabor organikoaren kudeaketa berezia egingo da, txosna batzordeak honekiko konpromiso irmoa hartu baitu. Jasotako hondakin organikoarekin konposta egingo da. Azkenik, plastikoen erabilera murrizteari begira, txorrotako ura izango da lehen aukera», gaineratu dute, eta aurten ere produktu ekologikoen eta elikadura-subiranotasunaren aldeko apustua egingo dutela nabarmendu dute.