naiz

Getxon amaitu da aurtengo Euskarabentura

31 etapa eta 798 kilometroren ostean, Bilbotik abiatu eta Getxon amaitu da gaur aurtengo Euskarabentura. Antolatzaileak pozik agertu dira eta helburu nagusiak bete dituztela azpiamrratu dute.

Euskarabenturak gaur dauka azken etapa. (FOKU)
Euskarabenturak gaur dauka azken etapa. (FOKU)

Euskal Herriko zazpi lurraldeetan barrena 798 kilometro egin eta gero, Euskarabentura azken geltokira helduk da gaur, Getxora. 09:00etan abiatu dira Bilboko Itsas Museotik, eta ontziz heldu Portugaletera. Handik, Bizkaia Zubia gurutzatuta, Getxora iritsi dira. 11:00etan, Ana De Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendari Nagusiak eta Amaia Agirre Getxoko alkateak harrera egingo diete. Ondoren, 12:30ean, amaiera ekitaldia hasi da Getxoko Muxikebarri antzokian.

Lau aste, 31 etapa eta 798 kilometro joan dira uztailaren 1ean Euskal Herriko bazter ezberdinetako 121 gaztek abentura ibiltari hau hasi zutenetik. Gazte euskaldunen sare geroz eta handiago bat sortzea eta iraunaraztea helburu abiatu ziren, «elkarren berri izan dezaten, euren arteko harremanak euskaraz eraiki eta elika ditzaten eta, EuskarAbentura testuingurutik kanpo ere, euren eremuetan, eragile bilaka daitezen, euskararen eusle eta sustatzaile».       

Antolatzaileen hitzetan, «bereziki aberasgarriak» izan dira bigarren Euskarabentura edizio honetarako proposatutako bi Belaunaldi Arteko egunak. Izan ere, uztailaren 7an (Zubiritik Iruñer, 22km) eta uztailaren 24an (Donostitik Zarautzera, 21km), 2018ko hainbat beterano batu ziren etapa oso bat aurtengo gazteekin batera osatzeko.

«Euskaldun aktibo izango diren neska-mutilak kontzientziatzea, piztea eta saretzea ez ezik, beste hainbat balore zeharka transmititzea ere badago EuskarAbenturaren helburuen zerrendan: parekidetasuna, elkar errespetua eta ingurumenarekiko errespetuzko bizi-ohitura jasangarriak, besteak beste», gaineratu dut. Horretarako, ibilbidea osatzeaz gain 50 mintegi, tailer eta jarduera baino gehiago izan dituzte.

Hasieran markatu zituzten lau helburu nagusiak betetzat eman dituzte: «Euskararen erabilera bermatzea lortu dugu hein handi batean. Gazteek erantzunkizunez heldu diote hilabetez ahobizi izateko luzatutako proposamenari. Bestalde, gazte euskaldunen sarea gero eta handiagoa da. Ipar Euskal Herriko gazteen parte hartzea errotzen doa eta euskarabenturaren komunitatea hazten. Eta etapak askotariko edukiekin aberastu ditugu: feminismoa, landa munduaren biziberritzea, sexualitate aniztasuna, etorkinak, arrazakeria, mundu digitala, dantza, inprobisazioa».

Larrialdi ekologikoaren inguruko kontzientziazio lanari dagokionean, zaborren kudeaketak protagonismo berezia izan du.

Ibilbideak 7 euskal lurraldeak eta 7 hiriburuak ukitu ditu 798 kilometrotan zehar, 16-17 urte bitarteko 121 gazterekin eta 35 bat lagunez osatutako lantaldea buru. 31 egunetan 31 etapa egin dituzte, horietatik 22 oinezkoak.