NAIZ

Roberto Gavaldon zinemagile mexikarrari atzera begirakoa eskainiko zaio

Zinemaldia hasia da 67. edizioko edukiak iragartzen. Aurten, Roberto Gavaldon zinemagile mexikarrari eskainiko dio atzera begirakoa eta orotara 1945 eta 1974 artean zuzendu zituen 20 film emango dira.

Roberto Gavaldon. (NAIZ)
Roberto Gavaldon. (NAIZ)

Roberto Gavaldon mexikarrak 1945 eta 1974. urteen bitartean zuzendu zituen hogei film luzek osatuko dute Zinemaldiak (irailak 20-28) eskainiko dion atzera begirakoa eta liburu monografiko bat ere argitaratuko dute.

Roberto Gavaldon (1909-1986) 1950eko eta 1960ko hamarkadetako Mexikoko zinemako zuzendari garrantzitsuenetako bat izan zen. Jimenezen (Chihuahua, Mexiko) jaio zen 1909an, eta estra, aktore, zuzendari-laguntzaile eta gidoilari lanetan hasi zen zinemaren munduan. Zuzendarikide moduan ere egin zituen lan batzuk, eta 1945ean zuzendu zuen bere lehen bakarkako lana: ‘La barraca’, Vicente Blasco Ibañezen izen bereko nobelaren egokitzapena. 36ko Gerraren ondoren Mexikora erbesteratu ziren zenbait teknikari aritu ziren filmaren errealizazio-taldean.

Zinemalditik nabarmendu dutenez, Gavaldonen ezaugarria «estilo soila, klasikoa eta errealista da, eta horregatik nabarmendu zen lehen film luzea egin zuenetik bertatik. Eta horretan lagundu egin zion Gabriel Figueroa, Alex Phillips eta Jack Draper argazki zuzendariekin, besteak beste, lan egiteak». Gai melodramatikoak jorratu zituen oro har.

‘Macario’ (1960) da bere filmik garrantzitsuenetako bat. Ben Travenen kontakizun bat du oinarri eta harekin Canneseko zinema jaialdian parte hartu zuen. Gainera, ingelesa ez den hizkuntza batean egindako film onenaren Oscar sarietarako izendatutako lehen film mexikarra izan zen.

Zinema mexikarraren ordezkaria

Urteetan izan zen bere herrialdeko zinemaren ordezkaria nazioarteko lehiaketa garrantzitsuenetan. Zenbait aldiz lehiatu zen Cannesen, Venezian eta Berlinen, eta, 1953an, ‘Acuérdate de vivir’ lana aurkeztu zuen Zinemaldiaren lehen edizioan. Zortzi Ariel sari irabazi zituen; hots, Arte eta Zientzia Zinematografikoen Mexikoko Akademiak 1947az geroztik ematen dituen sariak. Film onenaren lehen Ariel saria ‘La barraca’ filmak jaso zuen.

Gehienbat melodrama landu bazuen ere, jorratu zuen bestelako generorik, esaterako poliziarena, musikala, fantasiazkoa eta landa-drama, eta western-ranchero ziklo bat egin zuen Antonio Aguilar aktorearekin. Bere filmen artean hauek azpimarratu behar dira: ‘Dead Ringer’ (1964), ‘La diosa arrodillada (1947)’, ‘En la palma de tu mano’ (1951), ‘La noche avanza’ (1952), ‘El rebozo de Soledad’ (1952), ‘El niño y la niebla’ (1953), ‘Camelia’ (1954), ‘Sombra verde’ (1954), ‘La escondida’ (1956), eta ‘Miércoles de ceniza’ (1958). 1955ean, Disney etxeak Mexikon filmatutako bere ekoizpenetako bat zuzentzeko aukeratu zuen Gavaldon: ‘The Littlest Outlaw’.

Gai sozialen lanketa

1960ko hamarkadaren hasieran, erabateko aldaketa izan zuen lantzen zituen gaietan, eta modu argiagoan agertu zen gai sozialen eta politikoen alde. Hala, ‘Rosa blanca’ filmatu zuen, Mexikoko petrolioaren desjabetzeari buruz, baina debekatu egin zuten, eta 1972ra arte ez zen estreinatu. ‘Días de otoño’ filmean, emakume baten istorio iluna kontatzen du: senargaiak abandonatu du baina denei esaten die harekin ezkondu dela eta haurdun dagoela. Horren ondoren, Gabriel García Márquez eta Carlos Fuentes idazleekin batera lan egin zuen ‘El gallo de oro’ (1964) filmaren gidoian: borroka-oilar bati buruzko parabola bat, Juan Rulforen istorio batean oinarrituta.

1970ko hamarkadaren lehen erdian, hiru film egin zituen Estatu espainolean: ‘Don Quijote cabalga de nuevo’ (1973), Fernando Fernán Gómez eta Cantinflas direla Kixote eta Sancho Panza, eta Amparo Rivelles protagonista den bi drama: ‘La madrastra’ (1974) eta ‘La playa vacía’ (1977). 1979ra arte aritu zen lanean. Urte hartan ‘Cuando tejen las arañas’ bere azken lana zuzendu zuen, neska nerabe baten sexualitate erreprimituari buruzko drama bat. Mexiko Hirian zendu zen 1986an.

Argitalpena

Zikloarekin batera, Gavaldonen gaineko liburu monografikoa ere argitaratuko du Zinemaldiak, Filmoteca Españolarekin elkarlanean. Elkarlan honen ondotik, zikloa Madrilen ere proiektatuko da.

Argitalpena Quim Casasek eta Ana Cristina Iriartek koordinatuko dute, eta bilduko dituen artikuluen egileen artean Mirito Torreiro, Nuria Vidal, Dolores Tierney, Marina Díaz, Casas bera eta Gavaldónen lanei buruzko Mexikoko aditu garrantzitsuenetako batzuk daude. Zinemagilearen seme Roberto Gavaldon Arbidek liburuaren aurkezpenean parte hartuko du.