NAIZ

Patricio Guzman eta Gael Garcia Bernal-en azken lanak ikusiko dira Horizontes Latinos sailean

Argentina, Brasil, Txile, Kuba, Guatemala, Mexiko, Peru eta Uruguaiko zinemagileek askotariko gaiei buruzko begirada panoramikoa eskainiko dute: Guatemalako genozidioa, 70eko hamarkadako Txile, Floridarako bidea hartzen duten kubatarrak, legezko abortua Argentinan eta Mexikoko egunez eguneko bizitza. 

‘Chicuarotes’ filmarekin lehiatuko da Gael Garcia Bernal aurten. (NAIZ)
‘Chicuarotes’ filmarekin lehiatuko da Gael Garcia Bernal aurten. (NAIZ)

Horizontes Latinos sailak Latinoamerikako hamabost ekoizpenez osatutako aukera eskainiko du. Cannesen eta Sundancen saritutako filmak nahiz Berlinen eta Venezian aukeratutakoen bilduma.

Patricio Guzmanen (Santiago, Txile, 1941) azken filmak emango dio hasiera sailari. ‘Nostalgia de la luz’ eta ‘El botón de nácar’ filmatu ondoren ‘La cordillera de los sueños’ filmarekin Andeetan amaitu du bere trilogia. Azken lan hau Cannesko zinema-jaialdian aurkeztu zen, emanaldi berezi batean, eta dokumental onenaren L’Oeil d’or saria eskuratu zuen bertan.

Zinemaldiak gertutik jarraitu dio Gael García Bernal (Guadalajara, Mexiko, 1978) aktore, zuzendari eta zinema-ekoizlearen ibilbideari, ‘Amores perros’ (Zabaltegi, 2000) filmarekin antzezten hasi eta nazioartean sona hartu zuenetik. Mexikarrak zuzendu duen bigarren film luzea aurkeztuko du: ‘Chicuarotes’, aurten Cannesko zinema-jaialdiko emanaldi berezietako bat izan dena. Pobreziatik eta beren herrialdeko indarkeriatik ihes egin nahi duten bi nerabe dira filmaren protagonistak.

Jayro Bustamantek (Guatemala, 1977) parte hartze bikoitza izango du Horizontes Latinos sailean. ‘Temblores’, gizon batekin maiteminduko den 40 urteko kristau ebanjeliko eta elizkoi bati buruzkoa, Berlinaleko Panorama sailean aurkeztu zen. ‘La Llorona’-k Guatemalako genozidioa du hizpide; Horizontes Latinos sailari amaiera emango dio, lehiaketaz kanpo, estreinaldia Veneziako zinema-jaialdian izan eta gero (Giornati degli autori).

Gainera, Armando Caporen (Gibara, Kuba, 1979) lehenengo lanak, ‘Agosto’-k, sailean izango du Europako estreinaldia. 13 urteko Carlos gaztearen istorioa kontatuko digu, 1994ko udaren azken egunetan, hainbatek Kubatik Floridara bidea hartzen duenean.

Andres Woodek (Santiago, Txile, 1965) Salvador Allenderen gobernuari aurka egiteko sortu zen Patria y Libertad mugimenduan barneratuko da, eta Zinemaldian izango du Europako estreinaldia. Mercedes Moran eta Maria Valverde aritu dira antzeztaldean.

‘Así habló el cambista’-k, halaber, Federico Veirojen (Montevideo, 1976) bosgarren film luzeak, Horizontes Latinos sailaren esparruan izango du Europako estreinaldia. Daniel Hendler eta Dolores Fonzi dira protagonistak eta Montevideon argentinarren eta brasildarren dibisa klandestinoak salerosten dituen merkatari bat da filmaren ardatza. Juan E. Gruber idazlearen izen bereko eleberri baten egokitzapena da zuzendariaren lehen lana.

‘De nuevo otra vez’ Romina Paula (Buenos Aires, 1979) aktore eta dramagileak zuzendu duen lehenbiziko lana da. Zuzendariak berak bete du protagonistaren rola fikzioa eta ez-fikzioa nahasturik familiari, amatasunari eta bizitzaren ekuatoreko krisi existentzialei buruz hausnartu du lan honetan.

‘El Príncipe’ Sebastian Muñozen lehenengo film luzea da. Alfredo Castro eta Juan Carlos Maldonado protagonistek 20 urteko gazte baten bizitza kontatuko digute, 70eko hamarkadan Txileko espetxe batean. Zinema Eraikitzen 34 saileko aukeran izan zen, eta Veneziako zinema-jaialdiko Kritikaren Astean izango du estreinaldia.

‘La bronca’ Daniel eta Diego Vega (Lima) anaien hirugarren film luzea da. Nerabe batek atzean utziko du Peru, 90eko hamarkadan, eta Montrealera joango da Kanadan familia berria sortu duen aitarekin elkartzeko.

‘Los sonámbulos’ Paula Hernandezen (Buenos Aires, 1969) laugarren filma da. Senarraren familiaren etxean senideekin bilera tirabiratsua biziko duten emakume bati eta haren alaba nerabeari buruzkoa da. Filmak Horizontes Latinos sailean izango du Europako estreinaldia. Erica Rivas protagonistarekin batera, Daniel Hendler, Marilú Marini eta Luis Ziembrowski aritu dira antzeztaldean.

Lucia Garibaldiren (Montevideo, 1986) ‘Monos’-ek begirada garaikidez interpretatuko du ‘Eulien ugazaba’ eleberria. Haur gerrillarien talde bat eta bahitutako emakume estatubatuar bat dira protagonistak. Filmak Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen Sundancen eta Berlingo zinema-jaialdiko Panorama sailean ere aurkeztu zen.

‘Nuestras madres’-ek, Cesar Diazen (Guatemala, 1978) bigarren film luzeak, Guatemalako gerra zibilean parte hartu zuten militarren epaiketak aztertuko ditu. Kritikaren Astean izan zuen estreinaldia, eta Caméra d’or saria eta Prix SACD saria irabazi zituen.

Lehiaketaz kanpo, ‘La ola verde’ (Que sea ley) proiektatuko da, Juan Solanasen (Buenos Aires, 1966) bigarren filma. Cannesko emanaldi berezien artean izan zen. Argentinan abortua legeztatzeko borroka da filmaren gaia.